Ekonomia -
IRANEKIN AKORDIOA
2003ko mailara jaitsi du petrolioaren prezioa Iranen zigorren amaierak
2003tik izan duen prezio baxuenera jaitsi da Brent upela; 24,74 dolarrean zegoen gaur goizean, merkatuak zabaldu direnean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Petrolioaren prezioak berriro behera egin du, nazioarteak Irani zigorrak kentzea erabaki ondoren.
Ostiralean, jada, sei puntu egin zuen behera petrolioaren prezioak, eta gaur beste bi. Modu horretan, goizean merkatuak zabaldu direnean, 24,74 dolarrean zegoen Brent upela, 2003tik izan duen preziorik baxuenean.
Zigorrak kenduta, Iranek berehala hasi nahi du petrolio gehiago esportatzen. Adituen arabera, egunean 500.000 petrolio upel gehiago salduko ditu Iranek, gutxienez, lehen sei hilabeteetan.
Amir Hossein Zamaninia Irango Petrolio ministrordeak atzo adierazi zuenez, herrialdea prest dago egunean, gutxienez, 500.000 petrolio upel gehiago merkaturatzeko.
Dena dela, nazioarteko merkatuetan petrolio eskaintza aspaldiko urteetako handiena den unean iritsiko da Irangoa ere; adituen hitzetan, merkatuak "petrolioz gainezka" daude, egun munduan kontsumitzen den petrolio kopurua baino ia milioi bat upel gehiago merkaturatzen dutelako egunero produktoreek. Horrek prezioen jaitsiera ekarri du; 2014tik % 75 egin du behera upelaren prezioak.