Ekonomia -
Enplegu Publikoaren Legea
20 asteko amatasun-bajak eta 32 eguneko aitatasun-baimenak
Eusko Jaurlaritzak Enplegu Publikoaren Lege-proiektua onartu du. Senitartekoak kontsulta edo miaketa medikoetara laguntzeko baimen berriak izango dituzte langile publikoek.
Agentziak | Erredakzioa
Enplegu Publikoaren Lege-proiektua onartu du Eusko Jaularitzak, behargin publikoen sistema eguneratzeko helburuarekin; izan ere, Funtzio Publikoaren Legeak 25 urte bete ditu dagoeneko. Araudi hori 1989an onartu zuten. Besteak beste, amatasun-baja 18 astetik 20ra igotzen du lege-proiektuak, eta aitatasun-baimena 28 egunetik 32ra.
Gainera, langile publikoek zortzi ordu izango dituzte urtean, lehen graduko senitartekoak eta etxean bizi diren senideak kontsulta, tratamendu edo miaketa medikoetara laguntzeko.
EAEko administrazio publikoetan lanean ari diren 110.000 pertsonari eragingo die Enplegu Publikoaren Legeak. Josu Erkoreka Administrazio Publiko eta Justizia sailburuak testua aurkeztu du.
Testua Eusko Legebiltzarrari igorriko diote orain. Lege-proiektuak 14 izenburu, 204 artikulu, 33 xedapen gehigarri, 20 xedapen iragankor, azken 5 xedapenak eta eranskin bat ditu beste zazpi artikulurekin.
“Euskadiko hiru administrazioen eta EHUren lana izan da. Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluak aldeko txosten bat egin zuen”, goraipatu du Erkorekak. “Kontseilua Eusko Jaurlaritzako, hiru foru aldundietako, Eudeleko eta sindikatu nagusietako ordezkariek “osatzen dutela gogorarazi du sailburuak.
Lege-proiektua bizitza pertsonala, familia eta lana bateratzeko “aurrerapauso” bat dela azpimarratu du Erkorekak.
Bestalde, “lanpostuak sendotzeko prozesu bereziak” egiteko aukera emango die araudi berriak EAEko administrazio publikoei, “aldi baterako enplegua” indartzeko, hau da: aldi baterako langileak, sententziaz mugagabeak direnak edo bitartekoak.
"Behin-behinekotasuna areagotzen” duela salatu du ELAk
Lege-proiektua errefusatu du ELA sindikatuak, “behin-behinekotasuna areagotzen” duelako. Horregatik, araudia ez onartzeko eskatu die sindikatu abertzaleak legebiltzarkideei.
ELAren ahotan, lege-proiektuak “lan erreforma EAEko administrazioetan aplikatzeko aukera ematen du eta lanpostu publikoen deuseztapenarekin jarraitu nahi du; euskal lege bat garatzeko aukera baztertzen du eta negoziazio kolektiboaren eskubidea ukatzen du”.