Ekonomia -
Kontsumo energetikoa
Etxebizitza bakoitzeko energia gastua urtean 1.000 eurokoa da EAEn
Energiaren Euskal Erakundearen azken txostenak erakusten duenez, energia kontsumoa etengabe murrizten ari da Euskadin, garraioaren sektorean izan ezik.
E. Lotina | eitb.eus
Etxebizitza bakoitzeko energia gastua urtean 1.000 eurokoa da EAEn, Energiaren Euskal Erakundeak jakitera eman duenez.
Erakundeak azterlan bat argitaratu berri du, Euskadiko kontsumo energetikoaren bilakaerari buruzko azken datuekin. Txostenean 2014. urtea ixtean zeuden kontsumoak zehaztu dira eta energiaren eskari globala murriztu dela egiaztatu da; murrizketa hori, gainera, modu konstantean gauzatu da 2008. urtean krisia hasi zenetik.
Azterketak nabarmentzen du, halaber, berriztagarrien kuota energiaren amaierako kontsumoan % 13,7koa dela.
2014an, 6.207 ktep kontsumitu ziren guztira (1 ktep = mila petrolio tona); hortaz, kontsumoa % 2,5 gutxitu zen, aurreko urtekoarekin alderatuta. Jaitsiera horrek aurreko urteetako joerari eutsi dio, kontsumo energetikoaren jaitsiera % 21ekoa izan baita Euskadin 2008. urteaz geroztik.
Hala, energiaren kontsumoa % 1,3 jaitsi da industrian, % 2,5 zerbitzuen sektorean, % 5,6 etxebizitza-sektorean eta % 11,1 lehenengo sektorean. Sektore bakar batean izan ditu hazkunde-zantzuak energiaren kontsumoak: garraioan. Kontsumoa % 0,8 igo da arlo horretan.
Eskari elektrikoari dagokionez, aurreko urtean baino % 1 txikiagoa izan zen. Bertako ekoizpenak, gainera, eskariaren % 39 ase zuen.
Gas naturala eta petrolioaren eratorriak EAEko eskari energetiko osoaren % 78 asetzeko erabili ziren; hala ere, gas naturalaren kontsumoa % 9,2 jaitsi zen, eta behera egin zuen petrolioaren eratorrien kontsumoak ere, % 0,4 txikiagoa izan baitzen.
Ikatza desagertu egin da
Ikatza jada ez da erabiltzen Euskadiko energia-alorrean; ingurunea gehiago errespetatzen duten beste iturri batzuek hartu dute haren lekua.
Energia berriztagarrien aprobetxamendua % 3,1 igo zen 2014an, aurreko urteko datuarekin alderatuta, eta % 7ra iritsi da, bai azken kontsumoan, bai euskal eskari energetikoan.
Faktura energetikoa
Energiak azken kontsumitzailearentzat duen kostua jaitsi egin zen 2014an, aurreko urtean baino % 4,2 txikiagoa izan baitzen. Etxebizitza bakoitzeko faktura % 6,1 jaitsi da; beraz, etxebizitza bakoitzeko gastua 1.012 eurokoa izan da, eta 408 eurokoa herritar bakoitzeko.