Ekonomia -
2016ko aurrekontuak
PSE-EEk eta EAJk akordioa lortu dute 2016ko Aurrekontuak onartzeko
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eskertu egin du PSE-EEk eta EAJk, hirugarren urtez jarraian, akordioa lortzeko egindako ahalegina.
ERREDAKZIOA |EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzaren 2016ko Aurrekontu Proiektua onartzeko akordioa itxi dute EAJk eta PSE-EEk. Iturri sozialistek baieztatu dutenez, babestu egingo dute Jaurlaritzak aurkeztutako proiektua, "eurek idatziko luketen egitasmoa ez izan arren". Modu horretan, datorren urterako kontuak aurrera ateratzea ahalbidetuko dute.
Jose Antonio Pastor eta Susana Corcuera PSE-EEko legebiltzarkideak hedabideen aurrean agertu dituzte akordioaren xehetasunak. Horien hitzetan, Jaurlaritzaren proiektuak zituen hainbat "hutsune zuzentzea lortu" dute, eta, horri esker, "herritarrek euren arazoei aurre egiteko erremintak izango dituzte eskura". PSE-EEren ekarpenei esker, 35 milioi euro lehentasunezko gaietara mugituko dituztela azaldu dute sozialistek.
"Aurkeztu dizkiguten aurrekontuak ez dira, inondik ere, aurrekontu sozialistak, guk egingo genituzkeenak. Baina, gaur gaurkoz, posible diren aurrekontu bakarrak dira, herritarrentzat erabilgarriak", esan du Pastorrek.
Akordioa izenpetuta, herritarren eskubideei eustea lortu dutela ziurtatu du buruzagi sozialistak. "Gehiago espero genuen, hori hala da, baina proiektu honen oinarriak, guk orain bi urte jarritakoak, onargarriak direla uste dugu", esan du.
'Oinarriak'
Sozialisten aburuz, adostu duten egitasmoak oinarrizko beharrak jasotzen ditu. Horien artean, Etxebizitza Legea aintzat hartu eta fracking teknikaren erabilera saihestu direla nabarmendu dute.
Eusko Legebiltzarrak ekainean onartu zuen Etxebizitza Legea, EAJren aurkako botoekin. Corcuerak zehaztu duenez, itxi duten akordioarekin, 2 milioi euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak, herritarrek etxebizitza izateko eskubidea bermatzera. "Partida hori zabaltzeko aukera dago, eskubide subjektibo bati buruz ari garelako. Dirua bideratu beharko du Eusko Jaurlaritzak eskubide horretara. Dirua nondik aterako duen, bere arazoa izango da", esan du.
Zuzenketen bidez moldatuko diren 35 milioi euro horiek nora bideratuko diren ez du zehaztu Corcuerak, baina enplegua, hezkuntza eta gizarte gaiak jo ditu lehentasuntzat.
"Sozialisten ekarpenei esker, aurrekontu sozialagoak" lortu direla esan du Corcuerak. "Krisitik ateratzea ahalbidetuko dute, etorkizuneko oinarri sendoak ezarrita", nabarmendu du.
Erkorekak oso positibotzat jo du akordioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eskertu egin du PSE-EEk eta EAJk, hirugarren urtez jarraian, akordioa lortzeko egindako ahalegina. Horren hitzetan, akordio honi esker Euskadik tresna eraginkorrak izango ditu langabeziari eta gizarte ezberdintasunei aurre egiteko. Ekonomiaren sustapenerako erremintak ere jarriko dituztela iragarri du. Akordioa oso positiboa dela nabarmendu du Erkorekak.
Gobernu Bileraren ondoren egin duen agerraldian, Erkorekak esan du akordioa "albiste bikaina" dela. Datorren urtean Euskadik "krisi ekonomikotik ateratzeko egonkortasuna emango dioten kontuak" izango dituela ziurtatu du.
PSE-EEk Iñigo Urkulluren Exekutiboaren kontuak aurrera ateratzea ahalbitzen duen hirugarren aldia da honakoa.