Ekonomia -
Lan-Harremanak
Soldatak produkzioaren araberakoak izatea proposatu du Confebaskek
Halaber, zenbait lanbidetan lan-urteak pixkanaka luzatzea eskatu du patronalak azken proposamenean, baina sindikatuek irrealtzat jo dute proposamena.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Langileen produkzioaren eta bakoitzaren jardueraren araberako soldatak ezartzea proposatu du Confebask Euskal Enpresarien Konfederakuntzak. Patronalaren iritzian, enpresaren etekinek isla zuzena izan behar dute langileen soldatetan eta baldintzetan, eta, horretarako, langile bakoitzaren produktibitatea, jarduera pertsonala eta emaitzak hartu behar dira aintzat.
Confebaskek etorkizuneko lan-harremanen inguruko dokumentu berria aurkeztu zien atzo Elkarrizketa Sozialerako Mahaian CCOO eta UGT sindikatuei. Aurrez iragarri bezala, ELA eta LAB sindikatuek ez zuten parte hartu hitzorduan.
CCOO sindikatuaren iritzian, bilera "emankorra" izan zen, baina "sakoneko eztabaida" mahai gainean jartzeko eskaria egin zion patronalari, aurkeztutako dokumentuak ez dituelako "langileen eskariak osotasunean" kontuan hartzen. UGTren ustez, berriz, lan-harremanen inguruko ikuskera "irreala" proposatu zuen Confebaskek.
Produkzioa eta soldatak lotu ditu dokumentuaren atal batean patronalak; bertan, Confebaskek dio enpresaren lehiakortasunak lotura zuzena izan behar duela langileen errendimenduarekin eta inplikazioarekin, eta, beraz, horren araberako lansariak izan beharko liratekeela. Langileen ekarpen indibidualaren araberako lan-baldintzak ezartzea proposatzen du patronalak.
Lankidetzari edo kolaborazioari dagokionez, Confebaskek uste du enpresarien eta langileen arteko harremanen ikuskera aldatu egin behar dela; bi aldeen arteko enfrentamendu eredua alde batera utzi, eta beharginen eta enpresaburuen arteko elkarlana beharrezkotzat jo du patronalak, emaitzak eta lehiakortasuna helburu hartuta.
Negoziazio kolektiboari buruz, berriz, patronalak iritzi dio goitik behera berritzeko ordua dela, egungo aldagaiak kontuan hartuta.