Ekonomia -
Eskandaluaren ondorioz
Volkswagenek 1.673 milioi euro galdu ditu hirugarren hiruhilekoan
Emaitza negatiboak diesel motorren gas kutsatzaileen inguruko eskandalua kateratu ondoren heldu dira; izan ere, irailaren bukaeran eman zuten auziaren berri.
Agentziak | Erredakzioa
Volkswagen Europako automobil-ekoizle nagusiak 1.673 milioi euro galdu ditu 2015. urteko hirugarren hiruhilekoan. 2014an, epe berean, 2.971 milioi euro irabazi zituen.
Emaitza txarrak diesel motorren gas kutsatzaileen inguruko eskandalua kaleratu ondoren heldu dira; izan ere, irailaren bukaeran eman zuten horren berri.
Volkswagen taldearen arabera, mozkin garbiek % 54,1 (3.990 milioi euro) egin dute behera urtarriletik irailera bitartean, aurreko ekitaldiko epe bereko datuekin alderatuta.
Multinazionalak jakitera eman duenez, diesel motorren inguruko auziak 6.700 milioi euroko kaltea egin die orain arte. “Galdutako konfiantza berreskuratzeko ahal dugun guztia egingo dugu”, adierazi du Matthias Muller zuzendaritza batzordeko presidenteak.
Salmentek % 2,7 egin dute behera 2015eko lehen bederatzi hilabeteetan mundu osoan, Errusian, Brasilen eta Txinan izandako zailtasunengatik bereziki; 7,440 milioi ibilgailu saldu ditu guztira.