Ekonomia -
Zoru klausulak
Bankuek behar baino 6.000 milioi euro gehiago kobratu dituzte urtean
Batez beste, bezeroek behar baino 3.000 euro gehiago ordaindu dituzte urtean, zoru klausulen ondorioz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Adicae Bankuen Erabiltzaileen Elkarteak kalkulatu duenez, Espainiako Estatuan bi milioi pertsonak dituzte zoru klausulak euren hipoteketan. Horrenbestez, bezeroek behar baino 3.000 euro gehiago ordaindu dituzte urtean, batez beste.
Sententzia batek baliogabe utzitako zoru klausulen atzeraeragina defendatu du Europako Batzordeak. Horrela, bezeroek hipoteka sinatu zutenetik sobera ordaindutakoa bueltatu beharko dute bankuek.
Kontuan hartuta klausula horiek 2009ko urtarrilean ezartzen hasi zirela, bankuek 36.000 milioi euro itzuli beharko dituztela uste du Adicaek. Nolanahi ere, elkarteak ez ditu aintzat hartu BBVAren, Cajamarren eta Novacaixagaliciaren kasuak, klausula horiek kendu zituztelako 2013an Auzitegi Gorenak ateratako epaiaren ostean.
Hain zuzen ere, kaltedun bakoitzak hilean 200-300 euro galdu dituela ohartarazi du Adicaek.
Gainera, elkarte horren arabera, zoru klausulek "eragin handia" izan dute etxegabetzeen % 90etan. Klausula horiek guztiz kentzeak "200.000 etxegabetze galaraztea ekarriko luke", azaldu du.