Ekonomia -

Fiskalitatea

Nafarroako zerga-erreformak hamar foru lege aldatuko ditu

Besteak beste, Elkarteen gaineko Zerga aldatuko dute, tipo orokorra eta gutxienekoa igota.

Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun eta Finantza Politika kontseilaria. Argazkia: Efe
Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun eta Finantza Politika kontseilaria.
Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun eta Finantza Politika kontseilaria. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun eta Finantza Politika kontseilariak iragarri duenez, Gobernuak zerga-erreforma egiteko prestatu duen lege-proiektuak hamar foru lege aldatuko ditu.

Aranburuk prentsaurrekoa eman du Parlamentuan, zerga-erreformarako proposamenaren puntu nagusiak aurkezteko.

Aldatu nahi dituzten legeen artean, besteak beste, hauek daude: Zergen Foru Lege Orokorra, PFEZ, Elkarteen gaineko Zerga, Kooperatiben Zerga Erregimena, Ondarearen gaineko Zerga, Oinordekotzen eta Dohaintzen gaineko Zerga, eta Fundazioen Zerga Erregimenaren Foru Legea.

Zergen Foru Lege Orokorrari dagokionez, "Administrazioaren egiaztatzeko eta ikertzeko eskubideak" bereizi egingo dituztela azaldu du Aranburuk.

Era berean, "zerga betebeharrak urratzen dituztenen" publizitatea egingo du, eta ikertzaileen jarduerak 18 hilabetera, kasu orokorretan, eta 27 hilabetera, kasu berezietan, luzatuko dituzte.

PFEZi dagokionez, banku fundazioek ematen dituzten bekak eta gainerakoak parean jartzea proposatuko dute.

Gainera, kendu egingo dituzte ohiko etxebizitza izateagatik eta lana emateagatik egiten ziren dedukzioak.

Elkarteen gaineko Zergaren kasuan, tipo orokorra % 25etik % 28ra igoko dute, eta gutxienekoa, % 10etik % 13ra, baina enpresa ertain eta txikien kasuan, % 11tik % 9ra jaitsiko dute.

Aranburuk iragarri du "doikuntza teknikoa" egingo dutela kooperatiben atalean, Elkarteen gaineko Zergan ageri den tipoak eta Ondarearen gaineko Zergan ageri denak bat egin dezaten.

Oinordekotzekin iruzur ez egiteko, arau berriak sartuko dituzte, eta fundazioek sortu zituztenean zehaztutako helburuetara bideratu beharko dute diruaren % 70.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Gobernua albisteak Zerga politika