Ekonomia -
Eskandalua
Volkswagen, auzibide luze eta zail baten atarian
Emisioen iruzurra auzitara eraman dute erabiltzaileek, gobernuek, akziodunek eta ekologistek.
EITB.EUS
Volkswagenek diesel autoetan gas isuriak manipulatzeko ezarritako softwarearen auziak soka luzea izango du epaitegietan. Erabiltzaileek, gobernuek, akziodunek eta talde ekologistek salaketa jarri dute konpainia alemaniarraren kontra, munduko herrialde gehienetan, gainera.
Hala, hiru motako isunak ordaindu beharko ditu Alemaniako automobilgintzako multinazionalak: administratiboak, gobernuek ezarritakoak; zigor arlokoak, iruzurraren erantzuleei ezarriko zaizkienak; eta zibilak, kaltedunei eman beharreko ordainak, esaterako. AEBn, ia 200 salaketa aurkeztu dituzte kontsumitzaileek. Dirua itzultzeko ere eskatu diote askok, erositakoa kontratuan ageri zenaren oso bestelakoa izan zela argudiatuta.
Nafarroan, bestalde, apartekoa da kezka. Matthias Muller Volkswagen taldeko presidente eta kontseilari delegatuak urri hasieran iragarri zuenez, "beharrezkoak ez ziren inbertsioak" bertan behera utziko ditu konpainiak. Iragarpenak, nola bestela, kezka bizia eragin zuen foru erkidegoan, Iruñeko Landabengo lantegiak ia 10.000 lanposturi eragiten dio (zuzenekoak zein zeharkakoak).
Eskandalua ezagutarazi aurretik, 2017ra arte 785 milioi inbertituko zituela iragarri zuen multinazionalak. Jose Manuel Soria Industria, Energia eta Turismo ministroak ostiralean agertu zuenez, Landabenen egin beharreko inbertsioei eutsiko zietela jakinarazi zioten konpainiako zuzendariek. Dena dela, oraindik zehazteke daude krisiaren ondorioak eta baliteke, gerora ere, inbertsio gehiago murriztu behar izatea.