Ekonomia -
Eskandalua
Volkswagenek bezeroentzako informazio telefonoa jarri du abian
900 180 361 doako zenbakira deituta, bezeroek erositako autoak emisioak faltsutzeko softwarea ote duen jakingo dute. Datorren astetik aurrera, internetez egin ahalko dute kontsulta.
Agentziak | Erredakzioa
Volkswagen auzian, kontsumitzaileak gaur has daitezke argia ikusten. Izan ere, autogile alemaniarrak Estatuko bezeroei bideratutako doako informazio telefono zenbakia jarri du martxan gaurtik aurrera. 09:00etatik aurrera 900 180 361 telefonora deituta, kontsumitzaileak eskandaluak bere autoa harrapatu duen ezagutuko du. Hala bada, zer egin komunikatuko zaio telefono zenbaki horretan.
Audi, Seat, Volkswagen, Volkswagen Ibilgailu Komertzialak eta Skoda taldeko bezeroek 900 180 361 telefono zenbakira deitu ahal izango dute datozen egunetan.
Datorren astetik aurrera online zerbitzua jarriko du abian konpainia alemaniarrak; bezeroak xasis zenbakia sartuta bere auto modeloak EA 189 motor manipulatua duen jakingo du, gas isurien gailua manipulatuta duena. www.volkswagen.es; www.seat.es; www.audi.es; www.skoda.es; www.volkswagen-comerciales.es webguneetara sartuta egin ahal izango da kontsulta. Horrez gain, kaltetuekin banan-banan harremanetan jartzeko komunikazio-plana prestatu du autogile alemaniarrak.
Alemaniako auto ekoizleak jakinarazi duenez, segurtasunarekin loturarik ez duen arazoa izanda, zuzenean jarriko da konpainia harremanetan bezeroekin, Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren laguntzarik gabe.