Ekonomia -
Volkswagenen eskandalua
Skodaren 1,2 milioi ibilgailuren motorrak ere, manipulatuta
Volkswagenek joan den astean aitortu zuen 11 milioi ibilgailu direla motorra manipulatuta dutenak.
agentziak | erredakzioa
Skodaren 1,2 milioi ibilgailuk ere badute diesel motorren gas kutsagarrien isurketen irakurketa manipulatzeko softwarea, Pragako komunikabideek zabaldu dutenez. Skoda Volkswagenen Txekiako filiala da.
Skodaren bozeramaileak baieztatu du berria, eta manipulatutako motorretan egin beharreko aldaketa teknikoak enpresak ordainduko dituela jakinarazi du.
Volkswagenek joan den astean onartu zuen engainua. 2009 eta 2014. urteen artean modu sistematikoan manipulatu zituzten diesel motorrak, baimendutakoa baino nitrogeno-oxido gehiago isuri arren, gas isurketen probak gainditu ahal izateko.
Volkswagenek jakinarazi du mundu guztian 11 milioi ibilgailu daudela kaltetuta. Manipulatutako ibilgailuetatik bost milioi inguru Volkswagen markakoak dira; 2,1 milioi, Audi filialarenak; eta oraingoz argitzeko dago SEAT markakoak zenbat diren.