Ekonomia -
Volkswagen
2015ean ia 300.000 ibilgailu ekoitziko dituela baieztatu du Landabenek
Gainera, diesel motorren eskandaluaren inguruko informazio gehiagorik ez duela esan die lantegiko zuzendaritzak sindikatuei.
Agentziak | Erredakzioa
2015ean 299.589 ibilgailu ekoitziko dituela ofizialki baieztatu dio gaur Nafarroan Volkswagen multinazionalak duen lantegiaren zuzendaritzak enpresa-batzordeari.
“Egunotako testuingurua kontuan hartuta, ekoizpenari eustea albiste ona da”, adierazi du UGTk agiri batean.
Egutegia aztertu dute zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak, eta azaroko behin betiko egutegia eta abenduko behin-behinekoa negoziatu dituzte. Azaroko lanegun guztiak zehaztu dituzte.
Komunikabideek orain arte publikoki ezagutzera eman duten informazioaz aparte, beste xehetasunik ez dutela azaldu du zuzendaritzak bileran, UGTk jakinarazi duenez. Gaia nola konpontzen den eta Landabengo lantegiari zer neurritan eragiten dion ikusteko dagoela erantsi du.
“Motorren informazio berririk izatekotan, lehenbailehen enpresa-batzordearen esku jartzeko” eskatu dio langileen ordezkaritzak zuzendaritzari.