Ekonomia -
Iruzurra
Volkswageneko iruzurrak Golf, Passat eta Tiguan modeloei eragiten die
Dena den, Volkswagen Taldeak ez du zehaztu Seat, Audi eta Skoda markako auto manipulatuak zein diren. Bestalde, Matthias Muller Porscheren burua izango da taldearen presidente berria.
agentziak | erredakzioa
Volkswagen Alemaniako auto ekoizleak ostiral honetan berri eman duenez, Volkswagen markako 5 milioi autok dute gas isuriak faltsutzen dituen diesel motorra.
Hainbat urtetako zenbait auto modelok EA 189 motor manipulatuak dituzte, gas isurien gailua manipulatuta dutenak.
Hau da manipulatutako autoen zerrenda: seigarren belaunaldiko Golf modeloa, zazpigarren belaunaldiko Passat modeloa eta lehen belaunaldiko Tiguan modeloa, Volkswagenen arabera.
Volkswagenek ez du zehaztu, hala ere, taldeko beste marketako zein autok -Seat, Audi eta Skoda- duten manipulatutako motorra.
Dena den, iruzurrak ez die eragiten EU6 Europako araudia betetzen duten Volkswagen markako ibilgailu berri guztiei, tartean, Golf, Passat eta Touran berriei.
Herbert Diess Volkswagen markako zuzendariak adierazi duenez, lanean ari dira "konponbide tekniko" bat bilatzeko eta soluzio hori bezeroei eta iritzi publikoari aurkezteko. "Gure helburua lehenbailehen gure bezeroei informazioa ematea da beren ibilgailuek araudia bete dezaten", gaineratu du Dieseek.
Volkswagen Taldeak merkatu bakoitzean kaltetutako zenbat auto dauden zehaztuko du.
Aldaketak Volkswagen Taldeko zuzendaritzan
Era berean, Volkswagenek Matthias Muller Porscheren burua izendatu du presidente berri, Martin Winterkorn dimititu berri duenaren ordezko gisa.
Berregituraketa horren baitan, Jurgen Stackmann Seateko presidentea taldeko Salmenten eta Marketing saileko presidenteordea izango da.
Stackmannen ordez, Luca de Meo izango da Seateko presidentea. Orain arte, Audiren Salmenten eta Marketing saileko presidenteordea izan da.
Gainera, Skodako presidentea, Winfried Vahland, taldearen Ipar Amerikako burua izango da.
Urriaren 1ean sartuko dira indarrean aldaketok.
Autoen zerrenda
Volkswagenek 12 marka, ehun fabrika eta 600.000 langile ditu, eta, multinazionalak berak jakitera eman duenez, 11 milioi autok dute EA 189 motorra, gas isurien gailua manipulatuta duena.
Seatek dagoeneko onartu du EA 189 motor manipulatuak jarri zituela Espainian ekoitzitako hainbat autotan.
Skodaren bozeramaile batek, bere aldetik, 2009 eta 2013 arteko Fabia, Roomster, Octavia eta Superb modeloetan manipulatutako diesel motorrak jarri dituztela jakinarazi du.
Alexander Dobrindt Alemaniako Garraio ministroak argi adierazi zuen manipulazioak Europako ibilgailuei ere eragiten diela, hasieran Ameriketako Estatu Batuetako autoetara mugatzen zela esan bazuten ere. Dobrindtek esan zuen 1.6 eta 2.0 diesel motorrak direla manipulatutakoak.
Hala, EA 189 motorra omen dute Golf, Jetta, Passat eta Beetle batzuek, eta baita Audi A1, A4 eta A6 batzuek ere.
Zentzu horretan, A1, A3, A4, A5, A6, TT, Q3 (Bartzelonan ekoizten da) eta Q5 autoek gas kutsakorren isurketak manipulatzeko softwarea dutela baieztatu du Audi konpainiako bozeramaile batek.
2,8 milioi Alemanian
Dobrindtek iragarri du Alemanian 2,8 milioi inguruko ibilgailu direla Volkswagenen eskandaluaren biktima. Bundestagen egindako agerraldian azaldu duenez, 1,6 eta 2 litroko EA 189 motorra duten turismoak daude horien artean, baina furgoneta batzuk ere bai.
Gainera, 1,2 litroko motorretan ere iruzur egin ote duten ikertzen ari omen dira orain.
VW Espainiak barkamena eskatu du
Volkswagenen Espainiako filialak gutuna bidali die bezeroei “konfiantza gehiegikeriaz” jokatzeagatik barkamena eskatzeko, eta ziurtatu die irregulartasunak "gas kutsakorrekin soilik" dutela zerikusia.
"Komunikabideen bitartez jakin ahal izan duzuenez, Volkswagen urgentziaz ari da lanean gure diesel motor batzuetan erabilitako softwarean izan diren irregulartasunak argitzeko", adierazi du gutunean.
Kaltetutako ibilgailu guztiak "erabat seguruak dira zirkulaziorako" eta atzemandako irregulartasunek "isuri kutsakorrekin dute soilik zerikusia" azpimarratu du.
Volkswagenen lehentasuna kalte handiagoak saihestea omen da, eta "hartu beharreko neurri guztien ardura eta kostua gure gain hartuko dugu".
BMW
Gasen isurketari buruzko manipulazioaren eskandaluak gora egin du, eta BMWri ere eragin dio.
BMWk galera handiak izan zituen ostegunean, aldizkari espezializatu baten arabera X3 xDrive modeloak araudiak gehienez ere onartzen duena halako hamaika gas isurtzen duela zabaldu ostean. Konpainiak gezurtatu egin zuen informazioa, baina galerak izan zituen burtsan, berdin-berdin.