Ekonomia -
Polemika
AEBko Justiziak ikertu egingo du Volkswagen multinazionala
Frantziako eta Alemaniako gobernuek ere ikerketa propioa hasi dute.
Agentziak | Erredakzioa
Ameriketako Estatu Batuetako Justizia Departamentuak ikertu egingo du Volkswagen multinazionala, diesel ibilgailuen kutsadura datuak manipulatu dituela argitaratu eta gero.
Volkswagen multinazionalak diesel ibilgailuen emisioak faltsutzeko softwarea erabili duela jakin ondoren hartu du Ingurumena Babesteko AEBko Agentziak (EPA) gertatutakoa ikertzeko erabakia.
Alemaniako multinazionalak Ameriketako Estatu Batuetako ingurumen arauak ekiditeko asmoz moldatu zituen diesel ibilgailuen kutsadura datuak.
Beste alde batetik, Frantziako Gobernuak adierazi du berak ere ikerketa propioa hasi duela.
Segolene Royal Frantziako Ekologia ministroak auziaren inguruko dokumentazio guztia eskatu die AEBko agintariei, arazoa argitzeko helburuarekin. Modu horretan, “portaera hauek Frantzian ez izatea” bermatu nahi duela adierazi du Royalek.
Alemaniako Gobernuak, aldiz, ikerketa batzorde bat jarri du martxan auzia argitzeko. Michael Odenwald Garraiobideen Estatu idazkariak zuzenduko du. Angela Merkel Alemaniako kantzilerak, berriz, “gardentasuna” eskatu du.
Volkswagenek 18.000 milioi dolarreko isuna jaso lezake. Presioaren aurrean, Martin Winterkorn multinazionaleko presidenteak barkamena eskatu du bideo baten bidez. Winterkornek zin egin du azalpenak emango dituela lehenbailehen, eta ondo egingo dutela “berriz ere”.