Ekonomia -
Bizkaiko Golkoa
Antxoaren biomasa, azken 30 urteetako maila altuenean
Aztiren Bioman 2015 kanpainaren arabera, espezie horren 142.000 tona baino gehiago daude Bizkaiko Golkoan.
agentziak | erredakzioa
Antxoaren biomasa azken 30 urteetako egoera onenean dago Bizkaiko golkoan, hura kontrolatzen hasi zirenetik duen maila gorenean, Aztiren Bioman 2015 kanpainan ondorioztatu dutenez. Guztira, 142.000 tona antxoa baino gehiago dagoela uste dute.
Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak eta Rogelio Pozo Aztiren zuzendari nagusiak eman dute txostenaren berri, Eugenio Elduayen eta Iñaki Zabaleta Gipuzkoako eta Bizkaiko kofradietako presidenteekin batera emandako prentsaurrekoan, eta "espeziaren susperraldia egiaztatu" dela azpimarratu dute.
Sektorean ere atzeman omen dute hobekuntza, izan ere, Elduayenen esanetan, antxoa kopuruari dagokionez, ez dute "azken 30 urteetan" horrelako antxoa kopururik ikusi, nahiz eta tamaina txikiko arrainak izan.