Ekonomia -
Gasteiz
Kutxabank zigortu dute hipoteka batean HMEI indizea aplikatzeagatik
Arabako epaitegi batek HMEI indizea bertan behera utzi du aurreneko aldiz, “neurrigabea” dela iritzita. Honenbestez, indize horren inguruko prozedura judizialari hasiera eman zaio Araban.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko Merkataritza-gaietarako 1. Epaitegiak Kutxabank zigortu du. Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea (HMEI) aplikatzeagatik bezero bati kobratutako diru kopurua itzultzeko agindua eman du epaitegiak, “neurrigabea delako”. Gainera, indizearen baldintzen berri behar bezala eman ez zutela uste du epaileak.
Arabako epaitegi batek HMEI bertan behera utzi du aurreneko aldiz. Honenbestez, indizearen inguruko prozedura judizialari hasiera eman zaio Araban.
Merkataritza-gaietarako Donostiako, Bartzelonako eta Guadalajarako epaitegi ezberdinek indize horren aplikazioa baliogabe utzi dute dagoeneko, baina Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak sententzia batzuk atzera bota ditu.
Kutxabankek partikular batekin 2006an sinatutako hipoteka kontratuaren baldintza batzuk auzitara eraman zituzten Maite Ortiz eta Jose Maria Erauskin abokatuek Araban.
HMEIren interes-tasa aldakorra “neurrigabea” zela salatu zuen auzi-jartzaileak, eta entitatearen “gardentasun falta” salatu zuen.
Bi aldeek epaiaren aurkako helegitea aurkezteko aukera dute oraindik, Arabako Lurralde Auzitegian.