Ekonomia -
Hitzarmen kolektiboa
ELA: 'Negoziazio Kolektiborako akordioak desmobilizazioa du helburu'
UGT eta CCOO sindikatuekin akordioa lortuta, Espainiako patronalak nahi zuena lortu duela adierazi du ELAko idazkari nagusiak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Adolfo "Txiki" Muñoz ELAko idazkari nagusiak ohartarazi du Enplegurako eta Negoziazio Kolektiborako Akordioak desmobilizazioa duela helburu. ELAko Industriako eta Eraikuntzako delegatuek asanblada egin dute gaur Eibarren eta bertan konpromisoa eskatu die Muñozek militanteei.
Muñozen esanetan, ELAk ez ditu nahi lanaldi amaigabeen truke 700 euroko soldatak eskaintzen dituzten lanpostuak. "Hori da atzeralditik ateratzeko diseinatu dutena: enplegu kaskarra eta langile txiroak". Horren aurrean, konpromisoa eskatu die militanteei arazo horri eta eta lan munduak dituen erronkei aurre egiteko.
Bestalde, Espainiako patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek berriki sinatu dute Enplegurako eta Negoziazio Kolektiborako Akordioa hizpide izan du eta azpimarratu du patronalak nahi zuena lortu duela.
"Patronalak soldata igoerari muga jarri dio: minus infinitutik % 1era. Bien bitartean, IBEX-35ean kotizatzen duten enpresetako zuzendariek beren soldatak % 24 igo zituzten 2014an eta enpresek beren irabaziak nabarmen igo zituzten", gaineratu du.
ELAko buruzagiaren esanetan, "harrigarria" da patronala beste lan erreforma bat eskatzen ari den bitartean CCOOk eta UGTk "gisa horretako akordio bat lortzea".