Ekonomia -
Emaitzak
Gamesak mozkinak ia laukoiztu egin ditu 2015eko lehen hiruhilekoan
Aerosorgailuen ekoizleak 62 milioi euroko irabazi garbia lortu du. Adwen itsas energia eolikoan arituko den konpainia sortu zuten Arevak eta Gamesak martxoan, eta horrek mozkinak bultzatu ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Gamesa aerosorgailuen euskal ekoizleak 62 milioi euroko mozkin garbia lortu du urteko lehen hiruhilekoan, ondorioz, 2014ko irabaziak ia laukoiztu egin ditu. Adwen itsas energia eolikoan arituko den konpainia sortu zuten Arevak eta Gamesak martxoan, eta horrek mozkinak bultzatu ditu.
Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari gaur igorritako informazioaren arabera, etekina 44 milioi eurotan kokatu da, 2014ko hilabete berdinetan eskuratutakoaren (17 milioi) bikoitza baino gehiago.
Adwen sortzeko behin betiko akordioa itxi zuten Gamesak eta Frantziako Arevak martxoaren 9an. Konpainia itsas energia eolikoan arituko da eta 2,8 giga-watteko proiektu eskabide-zorroarekin abiatu zen.
Proiektua martxan jartzeak 18,5 milioi euroko eragin positiboa izan du Gamesan. Euskal konpainiak 820 milioi euro fakturatu zituen urtarriletik martxora, 2014an baino % 43,1 gehiago.
Salmenten igoera
“Aerosorgailuen esparruan diru-sarrerek nabarmen gora” egin dutela azaldu du konpainiak; izan ere, % 52 gora egin du, 713 milioira arte. Salmentak batez ere Indian (% 27) eta Txinan (% 24) egin dituzte.
Urteko lehen hiru hilabeteetan, 818 megawatteko eskaera izan zuen Gamesak, % 65 gehiago. Horrela, eskabide-zorroa 2.602 megawattekoa izan zen martxoaren amaieran, iaz baino % 50 gehiago.
Bestalde, Gamesaren zorra 125 milioi eurokoa zen martxoaren bukaeran. Iaz 655 milioi euroko zorra zuen konpainiak.