Ekonomia -

Euskal enpresak

Orbeak eta Fagor Industrialek itxi egingo dituzte Txinako lantegiak

Inbertsioak lantegi errentagarrienetara bideratuko dituzte, tartean Euskal Herrian daudenetara.

Orbeak indartu egingo du Mallabiako lantegiko ekoizpena. EiTB
Orbeak indartu egingo du Mallabiako lantegiko ekoizpena. EiTB
Txinan dituzten lantegiak itxiko dituzte Fagorrek eta Orbeak

1:29

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Orbea eta Fagor Industrial Mondragon Korporazioko kooperatibek itxi egingo dituzte Txinan dituzten lantegiak, inbertsioak beste zentro batzuetara bideratzeko, tartean Euskal Herrian daudenetara.

Nolanahi ere, Txinaren aldeko apustua oraindik ere estrategikoa dela azaldu dute Mondragon taldetik. Horren ildotik, 2020. urterako bikoiztu egin nahi dute bertan dituzten enpresen fakturazioa, 700 milioi euro arte.

Agiri batean, Kunshan herrian (Txina) duen lantegia ekainaren 30ean itxiko duela zehaztu du Orbeak.

Horren aurrean, inbertsioak lantegi bideragarrienetara bideratuko dituela zehaztu du. Horietako bat Mallabikoa (Bizkaia) izango da. Bertan, margoen eta osagarrien sailak indartuko dituela azaldu du. Besteak beste, Portugalgo eta Hong Kongeko lantegiak ere sustatuko dituzte.

Fagor Industrialek ere "ekoizpen zentroak arrazionalizatzea" erabaki du, Mexikokoak, Turkiakoak eta Euskadikoak "indartzeko". Izan ere, Kunshanen duen lantegiaren lehiakortasuna "ez da nahikoa".

Kunshango teknologia parkea Shanghaitik gertu dago, eta Mondragon taldeak sustatu zuen 2007. urtean.

Soldatak, garestiagoak

Txinaren erakargarritasuna duela urte batzuk baino txikiagoa da egun atzerriko konpainientzat. Azken hamarkadan, hainbat enpresak herrialde horretara eraman zuten ekoizpena, soldata baxuek eta 1.400 milioi pertsonako merkatu potentzialak erakarrita.

Azken urteetan, baina, soldatak igo egin dira Txinan, eta enpresa asko ekoizpena handik ateratzen hasi dira.

Nolanahi ere, hainbat sektoretan, automobilgintzan adibidez, Txinan mantenduko dituzte ekoizpen zentroak. Hala egingo dute, adibidez, Fagor Ederlan, Batf eta Cikautxo kooperatibek.

Iaz, Txinan dauden Mondragon Korporazioko konpainiek 350 milioi euroko fakturazioa izan zuten.

"Ikuspuntu korporatiboa kontuan hartuta, Txina herrialde estrategikoa da oraindik, salmenta gehien dituguna baita", azaldu dute Mondragon taldetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Fagor Txina argazkiak Ekonomia albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Euskal enpresak azken ordukoa Mondragon korporazioa