Ekonomia -
Higiezinen merkatua
Hipoteka kopuruak % 15 egin du gora EAEn, Kutxabanken arabera
Kutxabankek 467,5 milioi euro zuzendu zituen iaz etxebizitzak erosteko maileguetara, eta horrek agerian utzi du higiezinen merkatuak "nabarmen hobera" egin duela.
Erredakzioa
Etxebizitzak erosteko hipoteka gehiago sinatu dira Euskadin 2014an, % 15 gehiago, hain zuzen ere, higiezinen merkatuaren gainean Kutxabankek egin duen txostenaren arabera. Datu horrek agerian utzi du, beraz, merkatuak "nabarmen hobera" egin duela.
2014an Euskadin mailegua eskatu duten lagunen profila honako hau da: 35 urte baino gutxiagoko bikotea da, 50.000 euro inguruko aurrezkiak edo familiaren diru-laguntza dute, eta bigarren eskuko lehen etxebizitza erosteko 115.000 euro eskatu dizkiote banketxeari.
Kutxabankek 2014an emandako maileguei dagokienez, batez beste, Gipuzkoan eman dute hipoteka bakoitzeko diru-kopuru handiena (124.000 euro), eta Bizkaia (113.000 euro) eta Araba (105.000 euro) daude ondoren. Batez beste, 45 urteko etxebizitzak erosi ohi dituzte Euskadin, 77 metro karratu ingurukoak, eta 2 logela eta bainugela bakarrekoak.
Etxebizitzak erosteko, 467,5 milioi euro zuzendu ditu Kutxabankek iaz, eta 4.053 operazio egin ditu guztira.
EAEko bankuaren arabera, hipoteken kopuruak % 15 egin du gora iaz, 2013ko datuekin alderatuta, eta mailegu kopuruak, berriz, % 12,5. Bestalde, Kutxabankek azaldu duenez, euskal herritarren gehiengoak nahiago du erreferentzia tasa gisa Euriborra hartzea.
Finantzatutako kopuruari dagokionez, bezeroen % 69k etxebizitzaren tasazio-prezioaren % 75 eskatzen dute, gehien jota, eta amortizazio-epea, batez beste, 26 urtekoa da; 2013koa baino apur bat txikiagoa.
Kutxabankek emandako maileguen % 39 35 urtetik beherako eskatzaileei eman die (35 eta 44 urte bitarteko lagunek operazioen % 33 egin zituzten).
Bestalde, EAEko hipoteka-merkatuaren % 35 inguru bereganatu du Kutxabankek, eta alor horretan "liderra" da.
Amaitzeko, 2015erako "aurreikuspen baikorrak" ditu Kutxabankek, eta Euriborra gehi % 1eko interes-tasa aldakorra eskaintzen du gaur egun.