Ekonomia -
Lan Eskaintza Publikoa
Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoan izen-ematea, zabalik
Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleentzat 275 plaza eskainiko dira. OStegun honetatik, 20 eguneko epea dago izena emateko.
Erredakzioa
EAEko Hezkuntza publikoan oposizio-lehiaketara atera diren Haur eta Lehen Hezkuntzako 275 irakasle plaza lortzeko epeak, baldintzak eta hautaketa prozesua arautzen duen agindua gaur argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Izena emateko epea, beraz, ostegun honetan zabalduko da.
275 lanpostu eskainiko dira, gehienak (170) Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleentzat. 50 plaza ingeleseko irakasleentzat, 15 musika eta hezkuntza fisikoko irakasleentzat eta 25 plaza hezkuntza bereziko irakasleentzat izango dira. Oposizioaren lehenengo fasea ekainean abiatuko da.
Gaur-gaurkoz, euskal hezkuntza publikoaren sisteman 26.171 lagunek egiten dute lan. Lan eskaintza publiko honek lanpostu finko bat izateko aukera emango die 275 langileri. Hautaketa prozesuko azterketak gainditu baina funtzionario plazarik lortzen ez dutenek, irakaskuntzan ordezkapenak egiteko zerrendan izena emateko aukera izango dute gainditutako espezialitatean.
Legeak agintzen duen bezala, plazen % 7 gutxitasun fisiko edo intelektualen bat duten pertsonei gordeko zaizkie, betiere irakasle izateko eragozpenik ez baldin badute.
Jaurlaritzak aurten deituko dituen lau eskaintza publikoetako lehenengoa da honakoa. Guztira, 1.573 lanpostu eskainiko ditu Ertzaintzan, Osakidetzan eta Administrazioa Orokorrean. "Eusko Jaurlaritzak enplegu publiko egonkorrarekin eta kalitatezkoarekin duen konpromisoa azpimarratu du beste behin ere, zerbitzu publikoen funtzionamendu eraginkorra bermatu ahal izateko", Gasteizko gobernuak idatzi baten bidez jakinarazi duenez.
Baldintzak
Hezkuntzako oposizioan parte hartzeko, hautagaiek honako tituluak izatea frogatu behar dute: irakasle titulua edo dagokion gradua, Lehen Hezkuntzako irakasle titulua edota Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakasle titulua.
Horrez gain, aurkezten diren pertsonek Hezkuntzako Bigarren Hizkuntza Eskakizunari dagokion euskara maila izatea egiaztatu beharko dute (IVAPeko hirugarren hizkuntza-eskakizuna, HABEko 3. maila, EGA, Osakidetzako hirugarren hizkuntza-eskakizuna, Euskaltzaindiaren D agiria edota Hizkuntza Eskola Ofizialeko 5. maila). Halaber, Espainiako herritartasuna ez duten eta hizkuntza ofizial gisa gaztelania ez duten hautagaiek gaztelania badakitela egiaztatzeko titulua aurkeztu edo dagokion idatzizko eta ahozko azterketak gainditu beharko dituzte.
Ingelesezko 50 plazetako bat lortzeko hautagaiek azterketa guztiak ingelesez egin behar dituzte.
Izen-ematea
Izena eman eta dagokion agiri guztiak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa da, ostegun honetatik hasita. Internet bidez ZUZENEAN herritarrentzako zerbitzurako Gasteiz, Donostia edo Bilboko bulegoetan eta Eusko Jaurlaritzarekin dagokion hitzarmena sinatuta duten toki-administrazioko erregistroetan eman daiteke izena. Correoseko bulegoetan zein atzerriko ordezkaritza diplomatiko eta kontsulatuen bulegoetan izena emateko aukera ere izango da.
Behin izena emateko epea amaituta, onartutako zein baztertutako hautagaien behin-behineko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako iragarki-oholetan argitaratuko da. Zerrenda argitaratutakoan, erreklamazioak aurkezteko 10 egun balioduneko epea irekiko da, eta, erreklamazio horiek guztiak aztertutakoan, onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da.
Eusko Jaurlaritzak maiatzeko bigarren hamabostaldian emango ditu ezagutzera azterketen epaimahaien osaketaren berri, bai eta azterketak egiteko leku eta daten berri ere. Azterketok ekainean hastea aurreikusi dute.