Ekonomia -
Finantza Publikoen Kontseilua
2014ko zerga-bilketaren igoera 'duina' dela dio Finantzen Kontseiluak
Hala ere, urrian aurreikusitakoa baino txikiagoa da igoera, % 4,8koa, eta % 5,5ekoa espero zuen erakundeak. De Andresek berak bakarrik egin du agerraldia, Ekarpenen Legearen kontrako protesta gisa.
Erredakzioa
Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak aho batez onartu du gaur 2014ko zerga-bilketaren itxiera. Guztira 12.319 milioi euro bildu dituzte Aldundiek, % 4,8ko igoera "duina" izan da, beraz. Bileran, hala ere, argi geratu da Ekarpen Lege berri bat onartzeke dagoela.
Ordu erdi inguruko bilera egin dute Gasteizen Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuak, eta Jose Luis Bilbao (EAJ), Javier de Andres (PP) eta Martin Garitano (Bildu) Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek.
Aurreikusitako gai guztiak adostu dituzte aho batez: 2014ko zerga bilketaren itxiera, iazko ekarpenen likidazioa, eta Doikuntza Funts Orokorra.
Dena dela, De Andresek ez du prentsaurrekoa sailburuarekin eta gainerako ahaldun nagusiekin batera eman nahi izan, Ekarpenen Legea 2011tik berritzeke dagoela eta gaur egun Arabari kalte egiten diola salatzeko.
Zerga-bilketako datuen arabera, foru ogasunek 12.319,7 milioi euro jaso zituzten iaz, 2013an baino % 4,8 gehiago, baina erakundeak iragan urrian aurreikusitako % 5,5eko igoeratik behera.
Gatzagaetxebarria gustura agertu da igoera "duina" delako eta aho batez onartu dituztelako kontuak. Hala ere, Ekarpenen Lege berria onartu beharra dagoela aitortu du, eta horretarako Eusko Legebiltzarrean gehiengo osoa izango duen "akordioa" ezinbestekoa dela.
Ekarpenen Legeak zehazten du aldundiak zerga bidez jasotako diruaren ze portzentaje eman behar dion Eusko Jaurlaritzari. Gaur egungo legediaren arabera, Arabak % 16a, Gipuzkoak % 33,06, eta Bizkaiak % 50,94.
Hori horrela, gaur onartutako likidazioarekin, Arabak 1.321,8 milioi euro, Bizkaiak 4.208,4 milioi eta Gipuzkoak 2.731,2 milioi euro eman beharko dituzte.
Araban hazi zen gehien iaz zerga-bilketa, % 5,9 hain zuzen ere; Gipuzkoan % 5,4ko hazkundea izan zen, eta Bizkaian % 4,2koa.
Bilbao eta Garitano azkeneko aldiz izan dira gaur Finantza Publikoen Euskal Kontseiluan, ez baitute kargua berritzeko hautagaitza aurkeztuko datozen hauteskundeetan.