Ekonomia -
Foru erkidegoa
Lan Eskaintza Publikoa egingo du Nafarroako Gobernuak aurten
Ez du zehaztu zenbat lanpostu eta zein arlotan aterako dituzten, baina lehentasunak Hezkuntza eta Osasuna direla nabarmendu dute.
Erredakzioa
"Lan Eskaintza Publikoa egingo dugu aurten", iragarri du Javier Morras Nafarroako Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak. Morrasek ez du zehaztu zenbat lanpostu aterako dituzten, ezta zein arlotan egingo duten eskaintza ere, baina Hezkuntza eta Osasuna lehentasun direla iragarri du.
Kontseilariak nabarmendu duenez, lanpostu kopurua zehazteko "kategoria profesionalen analisi kuantitatibo eta kualitatiboa egin behar dugu aurrena". Horren esanetan, Osasun eta Hezkuntza Departamentuetan errazagoa da; ez, ordea, Administrazio Erroaren hainbat ataletan.
Dena dela, 900 lanpostu baino askoz ere gutxiago aterako dituztela ohartarazi du Morrasek. "Oposizioak, ezjakintasunagatik, kopuru hori aipatu du, baina ezinezkoa da, nabarmen txikiagoa izango da", erantsi du.
"900 lanpostu ateratzeko erretiro-tasa egungoaren halako bost, sei edo zortzi izan beharko luke", azaldu du.