Ekonomia -

Espainiako Estatuan

Epaile batek Uberren jarduera guztiak eteteko agindu du

Gidariek lan hori egiteko baimenik ez dutela eta lehia bidegabea dela argudiatu du Madrilgo Auzitegiak erabakia hartzeko.

App Uber
App Uber
Epaitegi batek galarazi egin du Uber aplikazioaren jarduna

1:28

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilgo Merkataritza Auzitegiak Uber garraio sistemaren jarduera guztiak eten ditu Espainiako Estatuan, gidariek lan hori egiteko baimenik ez dutela eta lehia bidegabea dela argudiatuta.

Epaileak Madrilgo Taxilarien Elkarteak egindako eskaria onartu du horrela, eta enpresako langileek garraio zerbitzua online eskaintzea debekatu du.

Era berean, telekomunikazio eta ordainketa elektronikoetarako enpresei Uberrekin lotutako zerbitzu guztiak bertan behera uzteko eskatu die.

Epailearen arabera, neurria "lehenbailehen" hartu beharra dago, bidaiarien garraio zerbitzuan "legez kanpoko jokabidea" izaten ari direlako eta taxilariei "kalte zuzena" egiten dielako.

Gainera, kaltea "berehalakoa" izateak eta zergak Delawaren (AEB) ordaintzeak eragindako opakutasunak ere bultzatu omen dute epailea erabakia hartzera.

Horren harira, norbere ibilgailuarekin bidaiarien garraio zerbitzua eskaintzeko baimen bat eduki beharra dagoela, Estatuarena ala erkidegoarena, gogorarazi du.

Hala ere, neurria indarrean jartzeko, salatzaileak, Madrilgo taxilariek, 10.000 euro ordaindu beharko ditu hiru eguneko epean, "behin behineko neurriak eragin dezakeen kalteari aurre egiteko".

Madrilgo Auzitegiaren erabakia ez da sistema horren kontra Europan kaleratzen duten lehenengo ebazpena.

Izan ere, abuztuan, Frankfurteko probintzia Auzitegiak Alemania osoan jarduteko debekua ezarri zion Uberri, baina neurria bertan behera utzi zuten, ez zelako premiazkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia albisteak Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Albisteak Madril gaur Enpresaburuak VTC zerbitzua albisteak