Ekonomia -
Arabako aireportua
Foronda suspertzea eskatu dute Jaurlaritzak eta Arabako erakundeek
EAEko gobernuak, Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Arabako Merkataritza Ganberak bat eginda aireportua berpiztearen aldeko adierazpena egin dute.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Arabako Merkataritza Ganberak bat eginda Forondako aireportua suspertzeko "presazko neurriak" hartzeko eskatu dizkiete Aenari eta Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioari.
Adierazpen bateratua izenpetu dute lehen aldiz lau erakundeek, eta hura aurkezteko agerraldian ere lau erakundeetako bozeramaileak izan dira. Ana Oregi Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia, Javier Maroto Gasteizko alkatea eta Gregorio Rojo Merkataritza Ganberako presidentea, hain zuzen ere.
Lau erakundeek Forondako aireportua suspertzeko "helburu egingarriak" proposatu dituzte gaur hedabideen aurrean aurkeztutako "gutxienekoen akordioan".
Arabako aireportuaren inguruko bilera garrantzitsua dago biharko deituta, EAEko Aireportuen Koordinaziorako Batzordearena (Aena, Sustapen Ministerioak eta euskal erakundeak biltzen dituena), hain justu, eta bertan adierazpen honetan jasotako aldarrikapenak defendatuko dituzte erakundeek.
Lau aldarrikapen nagusi
Adierazpenean lau eskakizun nagusi egin dituzte erakundeek. Lehenengoa, Mugaz gaindiko Inspekzio Postua berriro martxan jartzea. Espainiako Gobernuak hala erabakita, bertan behera dago atzerritik heltzen diren elikagaiak eta animaliak kontrolatzeko postua eta, horren erruz, hainbat operazio galdu ditu Arabako aireportuak, sinatzaileek salatu dutenez. Postua berrezartzeko kostua bere gain hartzeko konpromisoa hartu du Jurlaritzak.
Horrez gain, aireportua ordutegi arruntaz haratago, 24 orduz, zabalik edukitzea proposatu dute. Gaur egun gauez bakarrik funtzionatzen du Forondak. Horren ildoan, egunez aritzen diren hegaldien tarifak gauez aritzen direnekin homologatzeko eskakizuna egin dute erakundeek.
Bidaiarien hegaldiei dagokionez, mota honetako hegaldiak hartzeko egokia izan Foronda, erakundeon arabera. Batez ere, low cost eta charter modukoak, eta oporraldiekin eta ekitaldiekin lotutakoak hartzeko. Hori lortzeko, bezeroak erakartzeko estrategiak garatzeko konpromisoa hartu dute erakundeek.
Zama-hegaldiei dagokie laugarren eskakizuna. Intemodal gisa duen balioa defendatu eta erreferente izaten jarraitzeko deia egin dute adierazpena izenpetu duten lau erakundeek.
Foronda, Iparraldeko aireportua izateko prest
Espainiako Gobernuak eskakizunak onartuko dituen itxaropena agertu dute adierazpena sinatu duten erakundeek, proposatutakoak "egingarriak" direla iritzita. Izan ere, Oregi sailburuaren arabera, "Iparraldeko Aireportua izateko prest dago Foronda".