Ekonomia -
Mahai Sektoriala
Proposamen 'zehatzak' egiteko eskatu diote sindikatuek Osakidetzari
Sindikatuak eta Osakidetzako zuzendaritza bilera egiten ari dira Osakidetzaren egoitzan. Halaber, 11:30ean elkarretaratzeak egingo dituzte zentro guztietan.
Erredakzioa
Gaur Osakidetzako Mahai Sektorialaren bilera egiten ari dira Gasteizen, sindikatuetako eta Osakidetzako ordezkariak. Azken bileran, irailaren 15ean, sindikatu guztiak Mahaitik altxatu ziren beren aldarrikapenen aurrean Osasun Sailak erakutsi zuen "proposamen faltarengatik". Sindikatuen aldarrikapen nagusiak Osasun sektorean enplegu publikoa sortzea eta garapen profesionala bermatzea dira.
Gaurko bilerara begira, Osakidetzako ordezkariak proposamen "zehatz" batekin joatea espero dute sindikatuek, eta egin ezean, azarotik aurrera deitutako lanuzteak egingo dituztela nabarmendu dute.
Ildo horretan, sindikatuek "borondate politikoa" izatea eskatzen diote Osakidetzari, enpleguari, lan kargari eta zerbitzuari buruzko eskakizunei erantzuteko.
Bilera 09:30ean hasi da Osakidetzako egoitza nagusian, Gasteizen, eta atarian, kontzentrazioa egin dute LAB, ELA, SATSE, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek.
Bestalde, elkarretaratzeak egingo dituzte 11:30ean Osakidetzako osasun zentro guztietan.
Lanuzteak eta greba deialdiak
Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatuek bost greba egun deitu dituzte azarorako eta abendurako. Zehazki, lau lanuzte partzial egingo dituzte azaroaren 6an, 13an, 20an eta 27an eta greba orokorra abenduaren 4rako.
Azaroko lehen lanuzte partziala hilaren 6an izango da, eta txanda bakoitzean lau orduz egingo dute greba. Ondoren, lurralde bakoitzean egun osoko grebak egingo dituzte: hau da, azaroaren 13an, Araban; 20an, Gipuzkoan; eta 27an, Bizkaian.
Azkenik, abenduaren 4an greba orokorra deitu dute EAEko osasun zentro eta ospitale guztietan.
Lan eskaintza publikoa Osakidetzan
Jon Darpon Osasun sailburuak bi Lan Eskaintza Publiko iragarri zituen Osakidetzan urria hasieran, 2014a amaitu aurretik bata, eta 2015aren hasieran, bestea. Guztira, 300 plaza aterako dira Lan Eskaintza Publiko horietatik.
Lan eskaintza publikoen berri izandakoan, haserre mintzatu ziren sindikatuak eta "iraingarriak" zirela salatu zuten. Gainera, azken bost urteetan ia "7.000 lanpostu" suntsitu direla azpimarratu dute, eta horri Aurrekontuetan izandako "jaitsiera" gehitu behar zaiola.
Sindikatuen iritziz, enplegua sendotu, berrezarri ez diren lanpostuak bete eta "sortutako zerbitzu berriak artatzeko ere" plaza berriak atera behar dira.