Ekonomia -
Eusko Legebiltzarra
Tapia: 'Aberastasunaren gaineko Zergak enpresei kalte egiten die'
"Jendeari ziririk ez sartzeko" eskatu du EH Bilduk, Aberastasunaren gaineko Zergak "ez duelako ekonomi jarduera zigortzen", jarduerarik sortzen ez duten fortuna handiei zerga bat ezarri baizik.
Erredakzioa
Gipuzkoako Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergak enpresa txikiei "kalte egiten" diela ziurtatu du gaur Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburuak. Gogoeta bat egiteko eskatu du Tapiak.
EH Bilduk sailburuaren agerraldia eskatu zuen Eusko Legebiltzarreko Garapen Ekonomikorako Batzordean, Gasteizen. Zerga berriarekin enpresaburuek Gipuzkoatik alde egin dutela adierazi zuen Tapiak.
Zerga "hobetu" daitekeela errepikatu du gaur sailburuak. Ondorioz, "iskanbilarik gabe" aztertu beharko litzatekeela erantsi du Tapiak batzordean. Nahiz eta enpresa bakarrari "kalte egin", egoera konpondu beharko litzatekeela uste du agintariak.
Gipuzkoako enpresaburuak zorpetu beharko lirateke zerga ordaindu ahal izateko, sailburuak azaldu duenez. Enpresaburuak "herriarekin duten konpromiso handia" demostratzen ari direla goraipatu du Tapiak.
Gipuzkoatik alde egin duten zergadunen kopuru bat ematea baztertu du sailburuak; izan ere, informazioa Aldundiaren esku dago, baina lurraldetik joan diren enpresaburuak 49 direla esan dute komunikabideek.
"Jendeari ziririk ez sartu"
Leire Pinedoren (EH Bildu) ahotan, "legezko" zerga "demokratikoa" da. 49 lagunek Gipuzkoatik alde egin baldin badute, beste 61 pertsona Gipuzkoan helbideratu direla gogorarazi du Pinedok.
"Jendeari ziririk ez sartzeko" eskatu du Pinedok, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergak "ez duelako ekonomi eta enpresa jarduera zigortzen", ekonomi jarduerarik sortzen ez duten fortuna handiei zerga bat ezarri baizik.
Zentzu horretan, hamar milioi baino gehiagoko ondarea duten pertsonek aberastasunaren % 87 finantza aktiboetatik lortu dutela azaldu du EH Bilduk.