Ekonomia -
Aurrekontuak
BPGaren aurreikuspenak hobetu ditu Espainiak 2014rako eta 2015erako
Azken sei hilabetetan izandako aldaketei egotzi die Luis de Guindos Ekonomia ministroak datu positiboa.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak hamarren batean handitu du 2014 urterako aurreikusia zuen ekonomiaren hazkundea eta %1,3an kokatu du. 2015 urterako aurreikuspena ere hobetu du, bi hamarren, eta %2ra igo du. Ministroen Kontseiluak onartu duen Estatutako Aurrekontu Orokorren lege proiektuan jasotako taula makroekonomikoaren berrikuspenarekin bat hartu dute erabakia.
Ministroen Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan eman ditu ezagutzera datu berriak Luis de Guindos Ekonomia ministroak. Azaldu duenez, azken sei hilabetetan etxeko eskaeratan egon den hazkundeari eta kreditu-fluxuetan izandako hobekuntzari esker izan da aldaketa.
Horrek guztiak “berreskuratzea bizkortu” duela eta Espainia hazkunde positiboan kokatu duela onartu du ministroak, “inguruan, nazioartean batez ere, egoera orain sei hilabete baino okerragoa den arren”,
Eszenatoki berria ondorengo arloetan oinarrituta dagoela zehaztu du Luis de Guindosek: enpleguaren sorrera, kontsumitzaile eta enpresen aurreikuspenen hobekuntza, salneurriak eta soldatak maila ertainean mantentzea, finantza baldintzen hobekuntza graduala, erreforma fiskala eta esportazio arloen izandako dinamismoa.
Espainiaren beharrak hazten joango dira eta aurtengo urtean %1,4 puntu izango ditu, aurreikusitakoa baino zazpi hamarren gehiago. 2015ean Barne Produktu Gordinaren hazkundea %1,8 puntuko izango da, aurreikusitakoa baino sei hamarren gehiago.