Ekonomia -

BEC

Makina Erremintaren Biurtekoak 32 milioiko eragin ekonomikoa izan du

57 herrialdetatik etorritako 35.500 lagunek baino gehiagok parte hartu dute aurtengo ferian. Gainera, zergen bidez 4,7 milioi bildu dituzte, enpresen arteko kontratuak kontuan hartu barik

Aurtengo Biurtekoan ikusitako erakustokietako bat. Irudia: EFE
Aurtengo Biurtekoan ikusitako erakustokietako bat. Irudia: EFE
Makina Erremintaren Biurtekoak 32 milioi euro utzi ditu Euskadin

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Makina Erremintaren Biurteko Espainiarrak 32 milioiko eragina izango du BPG kontuan hartuta, eta zergen bidez 4,7 milioi bildu dituzte. Gainera, 35.500 partehartzaile baino gehiago izan ditu, azken ferian baino % 4,2 gehiago, eta horrek mugarri bat ezarri du sektorean eta ziklo berri bat hasi dela baieztatu ez ezik, industrian ere aurrerapauso bat dela azpimarratu dute antolatzaileek.

Xabier Basañez BECeko zuzendari nagusiak; Antxon Lopez Usoz AFMko (makina erreminta sektoreko ekoizleen elkartea) presidenteak eta Jorge Garcia AIMHEko (Makina Erremintako Inportatzaileen Elkartea) presidenteak aurtengo edizioaren balantzearen berri eman dute gaur, larunbata.

Basañezek azaldu duenaren arabera, aurreikuspen ekonomikoak erabat gainditu ditu Biurtekoak. 30 milioiko eragina izatea espero zuten, eta, esan duenez, ferian enpresen artean egindako akordioak ez dira zenbatu balantzean, baina "asko" izan dira.

Lopez Usozek enpresek "euren makinarik onenekin" feriara joateko egindako "ahalegina" nabarmendu du, eta aurreko urteetan atzemandako barne merkatuaren hobekuntza indartu egin dela esan du.

57 herrialdetatik etorritako 35.500 lagunek baino gehiagok, aurreko edizioan baino % 4,2 gehiagok, parte hartu dute aurtengo Makina Erremintaren Biurtekoan, ekainaren 2tik 7ra, Bilbao Exhibition Centerren (BEC).

Xabier Basañez BECeko zuzendaria pozik agertu da erakusketaren maila altua dela eta, eta jasotako datuengatik. Izan ere, bere ustean, sektorean eta Biurtekoan "mugarri bat ezarriko" du, azken bi edizioetako parte-hartze datuak gainditu baititu, krisialdian egonda.

Joera aldaketa

Basañezen esanetan, "joera aldaketa" bat jazo da eta aurtengo Biurtekoak "sektorearen eta erakusketa beraren susperraldiaren bidea ezarriko du". Gainera, esan duenez, "adierazle ekonomikoak positiboak izaten jarraituz gero", hurrengo edizioan, 2016an, "erakusketa handiagoa eta hobeagoa" izango da.

Bestalde, Antxon Lopez Usoz AFMko presidentearen iritzian, Biurtekoak argi utzi du "industriaren susperraldiaren atarian" gaudela.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Azken ordukoa Bizkaia Barakaldo argazkiak Bilbao Exhibition Centre albistiak Ekonomia berriak Albisteak Gaur Albisteak Industria albisteak