Ekonomia -
50.000 milioi euro
Vallsen murrizketa planari babesa eman dio Frantziako Parlamentuak
Datozen hiru urteetarako 50.000 milioi euroko murrizketa programa "ongi banatuta" dagoela eta "ezinbestekoa" dela adierazi du lehen ministroak.
Erredakzioa
Manuel Valls lehen ministroaren murrizketa planari babesa eman dio gaur Frantziako Parlamentuak. 265 diputatuk aldeko botoa eman dute, 232 kontrakoa, eta 67 abstenitu egin dira.
Datozen hiru urteetarako 50.000 milioi euroko murrizketa programa "ongi banatuta" dagoela eta "ezinbestekoa" dela adierazi du lehen ministroak. Pentsioak eta funtzionarioen soldatak izoztea aurreikusten du programak.
"Aurrezteko egitasmoak susperraldi kolektiboa bermatzen du. Batzuek lotsatiegia dela diote, beste batzuek, ostera, gogorregia dela. Ongi banatuta eta egokia dela seguru nago, bidezkoa da", azaldu du gobernuburuak.
Haustura sozialista
40 diputatu sozialistek ez diote Vallsen proiektuari babesik eman eta abstentzioari eutsi diote. Gobernuari babesa ematen dion alderdiaren barruan barne haustura agerian uzten du horrek.
Parlamentuaren botoa ez zen loteslea, baina Exekutiboarentzat arrisku handia suposatzen zuen. Lehen ministroak dena eman du, nahiz eta botoa loteslea ez izan.
Azken egunetan lehen ministroak alderdiko sektore moderatuenei keinuak egin dizkio botoa bermatzeko, baina 41 abstentzio sozialistek alderdiko haustura agerian utzi dute.