Ekonomia -
Jaiegunen egutegia
Honelakoa izango da 2015. urteko lan egutegia, Euskadin
EAEk 14 jaiegun izango ditu; 12 Jaurlaritzak ezarri ditu, eta beste biak udalek erabakiko dituzte.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak 2015. urteko lan egutegi ofiziala onartu du astearte honetan. Orotara, 12 jaiegun ezarri ditu Gobernuak, baina horiei udalek ezarriko dituzten beste bi gaineratu behar zaizkie.
Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, hauek izango dira 2015eko jaiegunak:
- Urtarrilak 1, Urteberri Eguna
- Urtarrilak 6, Jaunaren Agerkundea
- Martxoak 19, San Jose
- Apirilak 2, 3 eta 6, Aste Santua
- Maiatzak 1, Langileen Eguna
- Uztailak 25, Santiago Apostolua
- Abuztuak 15, Andre Mariaren Igokundea
- Urriak 12, Espainiaren Egun Nazionala
- Abenduak 8, Sortzez Garbia
- Abenduak 25, Eguberri Eguna
Dena dela, Erkorekak gogorarazi duenez, udalek beste bi jaiegun ezarri behar dituzte.
Ez da "Euskadiren Eguna" ospatuko
Urriaren 25eko jaieguna baliogabetu eta gero (PSE-EEren Jaurlaritzak "Euskadiren Eguna" izendatu zuen, baina EAJrenak kendu egin du), Exekutiboak ez duela data alternatiborik bilatuko aurreratu du.
Horren ildotik, jaiegun horren ordezko bat ezartzeko Legebiltzarrean "adostasun zabala" beharko litzatekeela esan du Erkorekak. Nolanahi ere, Jaurlaritzak ez duela akordio hori bilatzeko "jarrera aktiborik" izango gaineratu du.