Ekonomia -

Bideragarritasun plana

Bilbao: 'Mondragonek Edesa auzian zer egingo duen zain dago Aldundia'

Bizkaiko diputatu nagusiak esan du Bizkaiko Aldundiak ez duela 'euro publiko bat bera ere' emango, 'ez Bilbao Basketentzat, ezta kirol profesionalarentzat'.

Edesako langileen protesta. Argazkia: EITB
Edesako langileen protesta. Argazkia: EITB
Edesako langileen protesta. Argazkia: EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak azaldu du Foru Aldundia Mondragonen erabakiaren zain dagoela, Edesaren bideragarritasun plana "martxan jartzeko edo ez". Aldundiak onartu egin du, eta horren berme ekonomikoa omen du. Ahaldun nagusiaren ustez, Gipuzkoako taldearen "konpromisoa" behar da Basauriko lantegiaren egoera "desblokeatzeko".

Onda Vasca irratian eskaini duen elkarrizketan Bilbaok esandakoaren arabera, Aldundiaren eskaintzak "mahai gainean" jarraitzen du Basauriko Fagor Elektrotresnaken filialari dagokionez. "Edesa berriz irekitzeko proiektuari abala emango diogu", adierazi du.

Langileekin hitz egiten jarraitzen dutela gaineratu du diputatuak, Aldundiak babesten duen "bideragarritasun plan bat aurkeztu" dutelako. "Nik dakidanez, (plana) Mondragonen erabakiaren zain dago", esan du.

"Edesa hartzekodunen konkurtsotik kanpo uztea" eskatu zuten bere garaian Jose Luis Bilbaok, eta, horren arabera, enpresak hori egin izan balu, "konponbidea bidean edo itxita" legoke.

Diputatu nagusiak uste du "Mondragonen konpromisoa" behar-beharrezkoa dela egoera "desblokeatzeko". "Beraien zain gaude, berriz ere", azaldu du.

"Kirol profesionalak ez du euro publiko bat jasoko"

San Mames Eurokopako egoitzetako bat izateko aukeraz galdetuta, Eurokopa "Bilbon jokatzea nahi dut", aitortu du Bilbaok, baina "baita Euskadik kirol guztietan selekzio ofizialak edukitzea ere".

"Euskadik futboleko (edo eskrimako edo saskibaloiko) selekzio ofiziala edukitzeak berdin dit. Baina horrek esan nahiko du hemen gure selekzio ofiziala, nazioartean arituko dena, euskal selekzioa izango dela", azaldu du.

Bilbao Basketi laguntza ekonomikoa emateko aukeraz, honakoa adierazi du: "Bizkaiko Aldundiak ez dio euro publiko bakar bat ere emango. Baina ez Bilbao Basketi, ezta gainerako kirol profesionalei ere".

Doaneko lurzoruak Kantabrian

Jose Luis Bilbaok adierazi du Europako Batzordeak txosten bat ireki duela Kantabriako Erkidegoaren aurka, laguntza ilegalak eman ote dituelakoan. Bizkaiko Aldundiak salaketa jarri zuen EAEko hainbat enpresari lurzoruak doan eskaini dizkietelako bertan.

Diputatu nagusiak gogora ekarri du iragan urtean Tubacex enpresak lantegi berri bat ireki zuela Kantabrian, bertako "laguntza publikoak" baliatuz, eta Euskadiko hainbat komunikabidetan "doako lurzoruak" eskaintzen zituen iragarkiak argitaratu zituztela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Ekonomia Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Bizkaiko Foru Aldundia azken orduko albisteak