Ekonomia -
Gutxieneko soldata
Gutxieneko soldata 645,30 euroan utziko dute 2014rako
Espainiako Gobernuak Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata 2014 urterako bere horretan uztea erabaki du gaurko Ministroen Kontseiluan,"enpresaburu elkarte eta sindikatu nagusiei kontsulta egin eta gero"
Erredakzioa
Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata 2014 urterako bere horretan uztea erabaki du gaur Ministroen Kontseiluak. Horrela, eguneko 21,51 eurokoa izango da gutxieneko soldata, hilero 645,30 eurokoa. Nolanahi den, ezingo da inolaz ere urtean 9.034,20 eurotik beherakoa izan.
Lan Ministerioak adierazi duenez, enpresaburuen elkarte eta sindikatu nagusiei kontsultatu diete erabakia, eta "prezioei eusteko gaur egungo testuinguruari dagokio; horren aurrean 2014an suspertze ekonomikoari, lehikortasuna hobetzeari eta enplegua sortzari bideratutako soldata politika ezarri behar baita".
Elkarrekin adostutako agiri batean, gutxieneko soldata izoztearen aurka azaldu dira CCOO eta UGT sindikatuak, errenta horrek erosteko ahalmena galtzea ekarriko baitu; izan ere, 2007tik pisua galtzen joan da gutxieneko soldata batez besteko soldatarekin erkatuta. Espainiako Gobernuak %0,3 igo zuen gutxieneko soldata iaz.
2014koa Gobernuak egingo duen bigarren izozketa izango da 2012an (boterera heldu bezain laster) egin zutenaren ostean.
Ramon Gorriz eta Toni Ferrer CCOO eta UGT sindikatuetako Gizarte Ekintzako bozeramaileek eskutitz bat bidali diote Fatima Bañez Enplegu ministroari. Izozketaren aurka daude, Europako Gizarte Eskutitzean hartutako konpromisoetatik urruntzen delako. Horren arabera, gutxiengo soldata herrialde bakoitzeko batezbesteko soldataren %60koa izango da.