Ekonomia -
MCC-ren kide da
Danobat Groupek 103 milioiko kontratuak lortu ditu trenen sektorean
Zehatz-mehatz, hiru kontratu lortu ditu, horietako bi Australiako meatzaritza sektorerako izango dira eta, hirugarrena, Indiako enpresa batentzat.
Danobat Taldeak, MCCko kideetako batek, 103 milioi euroko kontratuak lortu ditu, hiru guztira, trenen sektorean hainbat lan egiteko. Danobat makina-erremintako enpresa-talde bat da.
Iragarpena prentsaurreko batean egin dute Danobaten egoitzan, Elgoibarren, Iñigo Ucin Danobateko zuzendari nagusi eta MCCko zuzendariordeak eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak. Tapiaren esanetan, makina-erremintako "markak hautsi" dituzte kontratuok.
Zehatz-mehatz, hiru kontratu lortu ditu, horietako bi Australiako meatzaritza sektorerako izango dira, eta hirugarrena Indiako enpresa batentzat. Australiako kontratuetako batean bagoiak muntatzeko tailer bat egitea eskatu diote Danobati; bigarrenean, aldiz, ardatzak mantentzeko lanak egiteko linea bat eraiki behar dute. Indian, berriz, bidaiarientzako trenek duten ardatzak ekoizteko linea automatiko bat egin behar dute.
Sailburuaren hitzetan, kontratu hauei esker (eta ontzigintzan eta sektore aeronautikoan ere lortutakoei esker) "joeran aldaketa bat izan dela baieztatu ahal da". Hori dela eta, "une zaila den arren, etorkizunera baikor begiratu ahal diogu".