Ekonomia -
2014ko Euskal Aurrekontuak
Bildu: 'Aurrekontuek gutxien dutenei dirua kenduko diete'
Laura Mintegi EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, EAJk eta PSEk adostutako aurrekontuek "gutxien dutenentzat krisia sakonago bihurtuko dute".
Erredakzioa
Laura Mintegi EH Bilduko legebiltzarkideak ostiral honetan adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak, EAJk eta PSEk adostutako aurrekontuek "dirua dutenei diru gehiago emango diete, eta gutxien dutenei, berriz, dirua kendu". Mintegik iragarri duenez, aurrekontu horiek "gutxien dutenentzat krisia sakonago bihurtuko dute".
Aurrekontuen balorazioa egiteko komunikabideen aurrean agerraldia egin du gaur Mintegik Ainoa Etxaide LABeko idazkari nagusiarekin bildu ostean. Agerraldia sindikatu horren egoitzan izan da, Konstituzioaren Egunaren harira.
EH Bilduk eta UPyDk aurrekontuen gaineko osoko zuzenketa aurkeztu dituzte. Zuzenketa horiek datorren astelehenean eztabaidatuko dira, baina bertan behera geratuko dira EAJ, PSE eta PP alderdien botoei esker.
Mintegiren iritzian, "aurrekontu horiek ez dituzte gizarteak eta herritarrek planteatutako arazoak konpontzen, krisia areagotu egiten dute". "Argi eta garbi ikusten dugu dirua dutenei diru gehiago emango dietela, eta gutxien dutenei, berriz, dirua kendu, eta hori bidegabea eta erabat gaitzesgarria da".
"Gauzak egiteko beste modua badago", azpimarratu du Mintegik. EH Bilduko buruzagiak iragarri duenez, aurrekontu horiek "gutxien dutenentzat krisia sakonago bihurtuko dute".
Bestalde, Etxaidek esan duenez, aurrekontuek agerian utzi dute "ez dagoela bide bakarra, eta aurrekontu horiek bakarrik ez direla krisitik aterako gaituenak".