Ekonomia -

2014 urteko aurrekontua

Euskal aurrekontuei 115 zuzenketa aurkeztu dizkie PSEk

Alderdi aozialistak adierazi duenez, zuzenketak Jaurlaritzarekin "hitzartu" dira hainbat elkarrizketa izan ondoren, eta EAJren sinadurarekin erregistratu dira.

Patxi Lopez, aurrekontuen inguruan eskainitako prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Patxi Lopez EFE
Patxi Lopez, aurrekontuen inguruan eskainitako prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSEk "EAJren sinadura daramaten" 115 zuzenketa partzial aurkeztu dizkio Urkulluren Gobernuaren 2014ko aurrekontuari. Zuzenketak arratsaldean erregistratu ditu Eusko Legebiltzarrean.

Alderdi sozialistak oharra kaleratu du eta bertan jakinarazi duenez, 25,4 milioi euroko balioa duten ekintzak proposatzen dituzte zuzenketek. "Helburua zerbitzu publikoak hobetzea eta ekintza ekonomikoei eta kultura sortzen duten elkarteei bultzada ematea da", zehaztu dute.

Laburbilduz, 84 ekarpen aurkeztu ditu, asko gai beraren ingurukoak baitira. Zuzenketak EAJ eta PSEk urrian sinatu zuten itun fiskalaren edukiari dagozkio. Alderdi sozialistatik adierazi duenez, ordea, aurkeztutako zuzenketetan ekimen horiek modu zehatzean jasotzen dira.

Nabarmentzekoak dira Donostiako Metroari zuzendutako 2,75 milioi euroak. Era berean, metroaren lanak 2014an hasteko konpromisoa jasotzen da eta urtero, 2020an lanak amaitu bitartean, lan horiei ekarpena egitea. Guztira, 87,7 milioi euro zuzenduko lirateke lan horietara.

Eibarreko eta Zumarragako erietxeei zuzendutako ekarpenak ere jasota daude. Eibarreko erietxeak 1,5 milioi euro jasoko lituzke eta Zumarragakoak 800.000 euro. Era berean, Erretuertoko osasun etxeak 600.000 euro jasoko lituzke.

Burtzeñako Enpresa Parkeari zuzendutako 2 milioi euroko kontu-saila ere jasotzen da zuzenketen artean.

Joan den astean iragarri zuen PSEk aurrekontuei babesa eskainiko ziela. Alderdiak gaur adierazi duenez, zuzenketak Jaurlaritzarekin "hitzartu" dira hainbat elkarrizketa izan ondoren eta EAJren sinadurarekin erregistratu dira. Legebiltzarrean aurrera egingo dute 2014ko aurrekontuek.

EH Bildu

EH Bilduk ere gaur aurkeztu ditu aurrekontuei egingo dizkien zuzenketak. 1.600 milioi euroko balioa duten ehun zuzenketa erregistratzeko asmoa du taldeak. Horrez gain, eta UPyDk egingo duen moduan, osoko zuzenketa ere erregistratuko du.

Alderdi Popularrak, bestalde, ez du ezagutzera eman aurrekontuei zuzenketak aurkeztuko dizkion edo ez. Zuzenketa aurkeztu ahal izateko epea bihar amaitzen da.

EAJk bihar aurkeztuko ditu bere zuzenketa partzialak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV UPyD EAE albisteak Ekonomia EH Bildu Gipuzkoa PSE-EE berriak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Gipuzkoako Foru Aurrekontuak