Ekonomia -
Elkarrizketa, Radio Euskadin
Ortuzarrek 'logiko'tzat jo du PSE-EEk Aurrekontuak babestea
Babes hori bi alderdien arteko akordioen ondorio dela esan du EAJko presidenteak.
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJko presidenteak "logiko"tzat jo du PSE-EEk 2014. urterako Aurrekontuak babestuko dituela iragarri izana, eta babes hori bi alderdien arteko akordioen ondorio dela gogorarazi du.
"Boulevard" Radio Euskadiko saioan egindako elkarrizketa batean, buruzagi jeltzaleak aitortu egin du sozialisten babesa "espero" zutela: "Eginbeharren inguruan akordioa badago, logikoena horiek gauzatzeko lanabesa, hau da, Aurrekontuak, ere adostea da".
Horren esanetan, Jaurlaritzaren helburua "Euskadi krisitik ateratzea eta enplegua sortzea" da, Aurrekontuen bidez. "Oso garrantzitsua da Aurrekontuen kudeaketa; premiazkoena Aurrekonturik izango ote dugun jakitea da [iaz, duela bi urtekoak luzatu behar izan zituzten], baina garrantzitsuena Aurrekontu horiek nola gastatu da", gaineratu du.
Horren ildotik, egoera ekonomia "hobera" egiten ari dela, eta abiapuntu horretatik, "Euskadi berria" errotu beharra dagoela adierazi du EAJko presidenteak.
"Zoru etikoa"
Bestalde, azken legegintzaldian EAJk, PSE-EEk eta PPk adostutako "zoru etikoa" onartzeko deia egin dio ezker abertzaleari, eta "egia osoa" biltzen ez duela uste badute, ekarpenak egiteko eskatu dio.
"Arazoa hor egia osoa ez dagoela bada, egia hori onar dezala, eta zer falta den esan diezagula ondoren", esan du.
Horren harira, EAJ "Sorturekin eta Bildurekin hitz egiteko" eta "gauza gehiago gaineratzeko" prest dagoela nabarmendu du.