Ekonomia -

Bilera

Erakundeek, MCCk eta Fagorrek krisia aztertuko dute asteazken honetan

Azkenean Fagor Etxetresnak hartzekodunen konkurtsoan sartu eta itxi egiten bada nolako ondorioak sortuko lituzkeen aztertuko dute eragileek.

Fagor. Argazkia: EFE
Fagor. Argazkia: EFE
Fagor etxetresnaren egoera aztertzeko bilera deitu du Jaurlaritzak

1:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak, Debagoienako eta Basauriko udalak Mondragon Korporazioko eta Fagor Etxetresnakeko ordezkariekin bilduko dira asteazken honetan. Azkenean Fagor Etxetresnak hartzekodunen konkurtsoan sartu eta itxi egiten bada nolako ondorioak utziko lituzkeen aztertuko dute eragileek.

Bilera Eusko Jaurlaritzak deitu du, iragan astelehenekoa atzeratu eta gero. Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Debagoienako udalak eta Mondragon Korporazioa soilik biltzekoak ziren orduan.

Astelehenean bertan, Arrasaten egitekoa zen bilerara joaterik ez zuela jakinarazi zion MCCk Jaurlaritzari. Bilera ez zuen Urkulluren Exekutiboak deitu eta atzeratu egin zen. Egoera aztertzeko data ezartzea premiazkoa zela adierazi zuen Jaurlaritzak.

Gasteizko Exekutiboak bilera asteazken honetarako deitu zuen, 15:00etan, Lakuan.

Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburuak eta Enplegu Saileko ordezkariek parte hartuko dute; izan ere, Juan Maria Aburto sailburuak Legebiltzarrean agerraldia egin behar du Saileko aurrekontuak azaltzeko. Besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Imanol Pradales Bizkaiko Sustapen Ekonomikorako diputatua bileran izango dira.

Helburuak

Egoera zehatz-mehatz ezagutzeko eta MCCko zein Fagor Etxetresnakeko ordezkariak "entzuteko" helburua du bilerak, Jaurlaritzako iturriek azaldu dutenez.

Gainera, Fagor Etxetresnaken egoerak herrietan eta eskualdeetan izan dezakeen eragina aztertuko dute, batez ere hartzekodunen konkurtsoa aurkeztuz gero.

Bestalde, asteazkeneko bilerara deitu dituztela baieztatu dute Fagor Etxetresnakeko iturriek. Antza denez, asteleheneko bilerarako ez zituzten deitu. Sergio Treviño kooperatibako zuzendariak parte hartuko du bileran.

Era berean, kooperatibako zuzendaritza Frantziako sindikatuekin bilduko da asteazken honetan, bertako lantegietako egoeraz hitz egiteko.

Bestalde, Fagorren inguruan orain arte azaldutako jarrera berretsiko duela iragarri du Mondragon Korporazioak. Jarrera aldatzeko borondaterik ez duela azaldu dute iturriek.

Fagorren finantziazioa lortzeko Mondagonen parte-hartzea eskatuko du Gipuzkoako Aldundiak. Euskal finantza entitateak helburu horretan inplikatu behar direla uste du Aldundiak.

Elkarretaratzea Lakuan

Bi orduz, 12:00etatik 14:00etara, kooperatibistek elkarretaratzea egingo dute Eusko Jaurlaritzako egoitzaren aurrean.

Fagor Etxetresnakeko langileek urriko soldata jaso ez dutela baieztatu diote EITBri. Zuzendaritzak inolako azalpenik eman ez diela gaineratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Fagor albisteak Basauri Eusko Jaurlaritza berriak Mondragon korporazioa bideoak Arrasate Ekonomia berriak Albisteak Gaur Albisteak Bizkaiko Foru Aldundia azken ordukoa Gipuzkoako Foru Aldundia