Ekonomia -

Fagor Etxetresnak

Jaurlaritza: 'Lopezen Gobernuak 27 milioi euro eman zizkion Fagorri'

Sozialistek 12 milioi euro jarri zituzten abaletan eta beste 15 milioi euro inbertsioetarako kredituetan, Jaurlaritzaren arabera. Orotara, 52 milioi eman dizkiote Fagorri, eta, erdia sozialistek.

Eusko Jaurlaritza. Argazkia: EiTB
Eusko Jaurlaritza. Argazkia: EiTB
Eusko Jaurlaritza. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopezen Gobernuak 27 milioi euro eman zizkion Fagor Etxetresnak kooperatibari 2012an, 12 milioi euro abaletan eta beste 15 milioi euro inbertsioetarako kredituetan, Eusko Jaurlaritzaren arabera. Orotara, Jaurlaritzak 52 milioi euroko laguntza eman dio Fagor Etxetresnaki, eta horietatik 27 milioi sozialisten eskutik jaso zituzten.

Patxi Lopez eta Rodolfo Ares Euskadiko sozialistek Eusko Jaurlaritzaren jarrera gaitzetsi dute, bideragarritasun planik aurkeztu gabe Fagor Etxetresnak enpresari 52 milioi euro emateagatik. Kritika horien ostean, Iñigo Urkulluren Gobernuak Patxi Lopez lehendakari zen garaiko datuak argitaratu ditu.

Izan ere, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak Fagor Etxetresnak kooperatibaren auzian "zuhurtziagabekeriaz" jokatzea eta hondorik gabeko zaku batera 50 milioi botatzea egotzi dio. Lehendakari zen garaian Fagor Etxetresnakek laguntza eskatu zuela onartu du, baina "bideragarritasun plan bat mahai gainean jartzeko" eskatu ziola gaineratu du.

Eusko Jaurlaritzak Fagor Etxetresnak enpresari 52 milioi euro eman dizkio guztira, eta horietatik 27 milioi euro Patxi Lopezen Gobernuak eman zizkion 2012an.

Jaurlaritzaren iturriek jakinarazi dutenez, Gobernuak kooperatibaren bideragarritasun planera 25 milioi euro bideratu ditu Ekarpen eta Socade diru funtsen bitartez.

Bilera

Fagor Etxetresnak kooperatiba hartzekodunen lehiaketan sartzear dagoen honetan, bilera garrantzitsua egingo dute bihar Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Diputazioak, Debagoieneko alkateek eta Mondragon Taldeak.

Eusko Jaurlaritzaren izenean, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak eta Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiken sailburuak parte hartuko dute, eta Gipuzkoako Foru Aldunditik Martin Garitano ahaldun nagusia eta Jon Peli Uriguen diputatua bertan izango dira.

Kooperatibaren egoerak Debagoienan, Gipuzkoan eta orohar, Euskal Autonomia Erkidegoan izango duen eragina aztertuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Fagor albisteak Eusko Jaurlaritza berriak Mondragon korporazioa bideoak Ekonomia Gaurko titularrak Eguneko albisteak