Ekonomia -
170 milioi lortu behar dituzte
Fagorreko bazkideek 'oso zail' ikusten dute aurrezkiak berreskuratzea
Ordaindu kaltedunen elkarteak ziurtatu duenez, Fagor Elektrotresnak "45 milioi borondatezko ekarpenetan eta beste 42 kapital sozialeko maileguetan ditu atxikita".
Erredakzioa
Fagor Elektrotresnak hartzekodunen konkurtsoan sartzeko aukerak are ezkorrago egotera bultzatzen ditu bakzideak, bazkide ohiak eta senideak, "oso zail" ikusten baitute euskal kooperatiban sartutako dirua berreskuratzea.
Zehatz mehatz, Ordaindu kaltedunen elkarteak ziurtatu duenez, Fagor Elektrotresnak "45 milioi borondatezko ekarpenetan eta beste 42 kapital sozialeko maileguetan ditu atxikita", eta enpresak itzuli beharko dizkie bazkideek eskatzen dituztenean.
Alabaina, konpainiaren krisialdiak (170 milioi euro lortzen ez baditu, eta MCCk esan du ez dizkiola emango, hartzekodunen konkurtsoan sartuko da) 'oso zail' egiten du dirua berreskuratzea; orain, lan barik gertatzeaz gain, bizitza osoko aurrezkiak gal litzakete.
Isidro Sanchez Ordainduren bozeramalearen hitzetan, egoera oso konplexua da, enpresa likidazio prozesu batean sartzen bada, araudiak hartzekodunen artean lehentasunak ezartzen dituelako, eta "bankuak eta erakundeak" lehengo postuetan egongo direla eta, hortaz, dirua agortuko dela uste dute.
Halere, kaltedunen dirua berreskuratze aldera bide guztiak agortuko dituela esan du Ordaindu plataformak; hori dela eta, datorren astelehenean bilera bat egin eta "beste aukera batzuk" proposatuko dituzte, esaterako, Jaurlaritzarengana jo konponbide bat lortzeko.
Azaldu dutenez, ez dute "ezohiko gauzarik" eskatzen, eurenak diren aurrezkiak berreskuratzea baino ez, bereziki langabezian egotea espero dutelako.
Enpresa itxiko dutela aurrikusita, milaka eta milaka pertsona atera ziren atzo kalera Arrasaten. Fagor Elektrotresnakek 5.600 langile ditu, horietako 2.000 Euskadin.