Ekonomia -
Manifestazioa
Fagorreko lanpostuak mantentzea eskatu dute milaka pertsonak Arrasaten
Fagor Etxetresnakeko langileek manifestazio jendetsua egin dute, MCCk kooperatiba hori berriz erreskatatzea errefusatu eta gero.
Erredakzioa
Milaka pertsonak bat egin dute Arrasaten Fagor Etxetresnak kooperatibaren ordezkaritza organoek deitutako manifestazioarekin. Aldarri nagusia, lanpostu guztiak mantentzea.
Konpainia hartzekodunen konkurtsoaren atarian dago. Izan ere, Mondragon Korporazioak (MCC) errefusatu egin du berriz erreskatatzea.
Martxa 18:00etan abiatu da, Fagor Etxetresnakek San Andres auzoan duen lantegian, eta Herriko Plazan bukatu da, handik eta ordubetera.
Manifestazioaren leloa "Etorkizunaren alde" izan da, eta pankarta zazpi lantegitako zazpi langilek eraman dute. Martxa urriaren 18an egindakoa baino askoz jendetsuagoa izan da.
Debagoieneko hainbat alkatek eta Ander Rodriguez Gipuzkoako Aldundiko Gizarte Politikarako diputatuak ere bat egin dute deialdiarekin.
Martxa hasi baino lehen, Inazio Azkarraga-Urizar Arrasateko alkateak Debagoieneko alkateen izenean hitz egin du, eta esku hartzeko deia egin die Eusko Jaurlaritzari eta MCCri, Fagor Etxetresnakeko langileek lanpostua gal ez dezaten.
Alkateek "hausnarketa sakona" eta, lanpostuak mantentzeko helburuz, "esfortzu berezia" egitea eskatu diote korporazioari.
Ordezkaritza organoen adierazpena
Manifestazioa bukatu eta gero, Kontseilu Errektoreak (enpresaren gobernu organoa) eta Kontseilu Sozialak (bazkideen ordezkariak) adierazpen bat irakurri dute, Herriko Plazan.
Testu horretan, Fagorrek negozio bideragarriak mantentzea eta lanpostu asko salbatzea ekarriko lukeen plan bat prestatu duela gogorarazi dute kontseiluek. Gauzatu ahal izateko, laguntza eskatu diete Mondragon Korporazioari eta erakundeei.
Hori horrela, finantziazio faltaren ondorioz Fagor Etxetresnak hartzekodunen konkurtsoan sartu beharko dela, eta, hori dela eta, "4.000 lanpostu" galduko direla azaldu dute.
Konkurtsoari helduz gero, enpresa itxi egin beharko luketela ohartarazi dute.