Ekonomia -
Fagor Etxetresnak
Fagorrek finantziazioa jaso ezean berehala itxiko dutela iragarri du
Fagor Etxetresnakek Mondragon Korporazioari eta erakunde publikoei eskatu dien finantziazioa jaso ezean "hartzekodunen konkurtsoa berandu baino lehen" deitu beharko duela iragarri du.
Erredakzioa
Fagor Etxetresnakek Mondragon Korporazioari eta erakunde publiko "autonomiko eta estatalei" eskatu dien finantziazioa jaso ezean hartzekodunen konkurtsoa berandu baino lehen deitu beharko duela eta, ondorioz, enpresaren jarduera guztiak "desagertuko" direla iragarri du.
Kontseilu errektoreak (gobernu kooperatiboko organoa) eta kontseilu sozialak (kooperatibako bazkideen ordezkaritza sozialeko organoa) elkarrekin ohar batean iragarri dutenez, "enpresaren berregituraketa, jarduera errentagarriak eta lanpostuen parte esanguratsua mantentzea ahalbidetuko lukeen" bideragarritasun planerako finantziaziorik egongo ez dela aurreikusita, enpresak "berehala" aurkeztuko du hartzekodunen konkurtsoa, "ezinbestean", eta horrek Euskal Herrian 4.000 lanpostu baino gehiago galtzea ekarriko du.
Kooperatibaren arduradunek "uste osoa" dute konkurtsoa aurkeztuz gero "enpresaren jarduera eta lanpostu guztiak betiko" desagertuko direla, aurrera jarraitzeko aukerarik gabe.
Kooperatibaren zuzendaritzak atzo argitara atera zituen datuen arabera, 170 milioi euro behar dira hartzekodunen aurrekonkurtsoan dagoen konpainia hondotik ateratzeko.
Bideragarritasun plana
Kontseilu errektoreak eta kontseilu sozialak atzo arratsalden egin zuten bilera, eta horren ondotik argitaratu dute gaur oharra. Bertan jasotzen denez, "enpresaren berregituraketa eta jarduera errentagarriak, lanpostuen parte esanguratsuarekin batera enpresaren bideragarritasuna eta etekinak dituzten ekintzak eta lanpostuak bermatuko lituzkeen bideragarritasun plana garatu du Fagorrek".
Plana abian jartzeko "MCCri eta erakunde publiko autonomiko eta estatalei" finantzaketa eskatu zien kooperatibak.
Fagorreko bazkideek finantziaziorik egongo ez dela aurreikusita, hartzekodunen konkurtsoa aurkeztuko dela uste dute.
4.000 lagunek galduko lukete lanpostua
Egoera honen ondorioz enplegu galera aurreikusten dute. Galera horrek hornitzaile, kontrata eta komertzioei eragingo lieke, 4.000 lanpostutik gora Euskal Herrian bakarrik. Bazkideen aurrezkietan ere eragingo luke.
Eskualdeko enpresa eta kooperatibetan izango lukeen eraginaz ere ohartarazi dute kontseilu errektoreak eta kontseilu sozialak. Diotenez, "horien biziraupena kolokan egongo litzateke eta aberastasun ekonomiko eta sozialari egiten zaion ekarpena galduko litzateke".
Era berean, Fagorren itxierak merkatuan 50 urtetik gorako presentzia eta lidergoa duen marka ezagun eta prestigiotsu baten merkataritza-fondoa galtzea ekarriko luke.
Bestalde, oharrak dioenez, kontseilu errektoreak eta kontseilu sozialak konfiantza dute "sistema kooperatiboaren oinarri diren elkartasun balioei eutsiz, enplegu guztiak mantenduko direla, birkokapenen zein jarduera berrien sorreraren bidez, eta baita aurre-erretiro eta aldez aurretiko erretiro duinak lortuko direla egoera horretan leudekeen bazkideentzat", oharrak dioenez.
Bestalde, bihar 18:00etarako Arrasaten deituta dagoen manifestazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak, oharraren amaieran.