Ekonomia -
2014ko aurrekontuak
Aurrekontuen inguruko lehen bilera egin dute PSEk eta Jaurlaritzak
Lehen bilera honetan, Eusko Jaurlaritzak dituen asmoen "ildo nagusiak" ezagutu ahal izan ditu PSEk.
Erredakzioa
2014 urterako aurrekontuen zirriborroa aztertzeko lehen bilera egin dute PSE eta Eusko Jaurlaritzak. Bileraren helburua "akordioak lortzeko aukerak aztertzea" izan da. Gobernu Kontseiluak datorren asteartean onartuko ditu aurrekontuak.
Gasteizen egin den bileran Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuak eta Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaileak eta Rodolfo Ares PSEko Antolakuntza idazkariak parte hartu dute.
Lehen bilera honetan, aurrekontuen inguruko "ildo nagusiak" ezagutu ahal izan ditu PSEk. Pastorrek esan duenez, eta lehen "inpresioaren" arabera, "aurrekontu hauek 2013rako aurkeztutakoak baina hobeak dira". 2013 urteko aurrekontuak atzera bota zituen Jaurlaritzak.
Alderdi Sozialistak aurrekontuen proiektuaren partidak "banaka" aztertzeko lantaldeak osatu dituela esan du Pastorrek. "EAJ eta PSEk sinatutako itun fiskalean hitzartutakoak jasotzen direla bermatu nahi dugu", gaineratu du.
Aurrekontuen zirriborroaren inguruko zehaztasunak ez dituzte aztertu eta PSEk "ekonomia-magnitudeak errepasatu ditu". "Aurrekontu berriak gutxienez, 2012ko aurrekontuan Osasunari, Hezkuntzari eta Gizarte Politikei eskainitakoa errespetatzen duela begiratu dugu", esan du.
Aurrekontuak Legebiltzarrean izapidetzen diren bitartean horiek aztertuko dituztela esan du Pastorrek. "Egokia deritzogun guztiari helegitea aurkeztuko diogu aurrekontuak EAJrekin hitzartutakora egokitzeko", amaitu du.