Ekonomia -
Krisia Fagorren
MCCko kooperatibek ekarpen gehiago egin beharko dizkiote Lagun Arori
EiTBk jakin ahal izan duenez, Lagun Arori "beharrezkoak diren baliabideak" emateko konpromisoa hartu du MCCk.
Erredakzioa
Lagun Aro BGAEk, MCCko borondatezko aurreikuspeneko erakundea, jakitera eman dutenez, Fagorren egoearen ondorioz enpleguari laguntzeko prestazioei "aurre egingo die". Gaineratu du, 2014tik aurrera kooperatibek egiten dituzten kuotak handitu egin beharko direla.
Ohar bidez, Lagun Arok Fagorren egoerak "pentsioen sisteman eraginik ez" duela izango azpimarratu du. Pentsioei aurre egiteko fondo berezia duela esan du eta behar adina kapital duela fondo horrek.
Besteak beste, lan-bazkideen gizarte-prestazioak kudeatzen ditu Lagun Arok. Enpleguari laguntzeko prestazioa ere kudeatzen du. Prestazioa horrek "ongialdiko urteetan" eratutako fonde zehatz bat du, krisialdiei aurre egiteko.
Fondo horrek 35 milioi eurotik gorako saldoa du egun. Horri esker, "hartutako konpromisoei aurre egin ahal izango zaio".
"Prestazio horri jarraipena emateko, Fagor Etxetresnaken sortutako egoerak etorkizunean kooperatibek ematen dituzten kuoten handitzea ekarriko du", gaineratu du erakundeak. Lagun Aroren Batzar Orokorrean hartu beharko da erabaki hori, "ondorio ekonomikoak eta beharrak aztertu ondoren".
Erakundeak desberdindu egin nahi izan ditu langabezian geratu dire lan-bazkideei laguntzeko osatutako funtsa eta pentsioei zuzentutako funtsa. Pentsioak kapitalizazio sistema bidez finantzatzen dira.
"Pentsioen fondoak ezin dira erretiroa ez beste helburu baterako erabili", azpimarratu du Lagun Arok. Hornidura tekniko guztiak estalita izatea eta %4ko aparteko kaudimen-marjina izatea eskatzen du erreglamenduak. Irailaren 30ean, %7,8ko kaudimena zuen eta galdatutako gutxienekoa aise gainditzen zuen.
Lagun Arori "beharrezko baliabideak" emateko konpromisoa hartu du MCCk
EiTBk jakin ahal izan duenez, Mondragon Korporazioa Fagor Etxetresnak kooperatibaren 1.000 lanpostu mantentzen saiatuko da. "Lehentasunezko helburua" dela adierazi du MCCk. Hiru bide erabiliko ditu horretarako: langileen birkokapena, aurrejubilazioak eta indemnizazioak.
MCCk 50 milioi euroko inbertsioa egingo du enplegua sustatzeko edo langabezian daudenei Lagun Aroren bidez estaldura eskaintzeio. "Lagun Arok konpromisoei aurre egiteko baliabide gehiago behar baditu, diru gehiago edo pertsona gehiago, eman egingo zaio", adierazi du.
Enplegua sustatzeko ekimenak bultzatzearen alde agertu da Taldea eta hiru sektore berriren alde egin du: "ekonomia berdea" bezala ezaguna dena, osasuna eta energia.