Ekonomia -
Finantza Publikoen Kontseilua
Euskal ogasunen zerga-bilketak % 4,2 gora egingo du 2014an
Hiru lurraldeetako haziendek 12.374 milioi euro bilduko dituzte, aurten baino 500 bat milioi gehiago.
Erredakzioa
Euskal Autonomi Erkidegoko ogasunen zerga-bilketak % 4,2 gora egingo du 2014an, eta hiru lurraldeetako haziendek 12.374 milioi euro bilduko dituzte, aurten baino 500 bat milioi gehiago, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako foru ogasunek gaur iragarritakoaren arabera.
Eusko Jaurlaritzak eta foru gobernuek iragarpena Finantza Publikoen Euskal Kontseiluan egin dute. Bileran 2013ko zerga-bilketa ixteko aurreikuspena adostu dute. Aurten 11.875 milioi euro bilduko dituzte, aurreikusitakoa baino 50 milioi gehiago.
Datorren urtean ekonomiak % 0,9ko hazkundea izatea espero du Eusko Jaurlaritzak. Euskal ogasunek 12.374 milioi euro bilduko dituzte, 2013an baino % 4,2 gehiago.
4.744 milioi BEZaren bidez bilduko dituzte 2014an, 4.435 milioi Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergarekin, 1.424 milioi Zerga Bereziekin eta beste 1.000 milioi sozietate-zergarekin.
Finantza Publikoen Euskal Kontseilua. Aragazkia: EFE
Euskadiko enpresa askok euren balantzeak eguneratu behar izan dituzte eta sozietate-zerga banatzeko polemikak Finantza Publikoen Kontseiluaren bilera markatu du.
Erakundeek 127 milioi gehiago bildu dituzte ezohiko neurriarekin. Diru-kopuru horren % 70 aldundiek Jaurlaritzari eman beharko diote, legeak hori aurreikusten duelako.
Zenbateko horren erdia laga behar dio Bizkaiak Gasteizko Exekutiboari, Gipuzkoak % 33 eta Arabak % 17. Irizpide horrek kalte egiten diela salatu dute Arabak eta Gipuzkoak.
Hiru ahaldun nagusiak Finantza Publikoen Euskal Kontseilua. Argazkia: EFE
Lantaldea
Horrela, Ekarpenen Lege berri bat egiteko lantalde bat osatzea adostu du Kontseiluak. Arabako Aldundiak proposamena egin du, eta Gipuzkoak babesa eman dio.
Hala ere, zerga-sozietatearen inguruko polemikari konponbidea emateko ebazpena atzeratzea erabaki dute. 2014ko otsailean bilera egingo dute gaiaz eztabaidatzeko.
Diru bilketaren datuak aurkeztu ostean, aldundien arteko desadostasunak azaldu dira; izan ere, Bizkaiko ahaldun nagusiak zerga bakoitza banan-banan aztertzeari uko egin dio, aldundi bakoitzak bere interesen arabera aldaketak proposatuko zituelako.
Egungo banaketarekin Arabak galdu egiten duela adierazi du Javier de Andres ahaldun nagusiak, Eustatek Arabako BPGren kalkulua gaizki egiten duelako. Ekarpena egiteko oinarria BPG da eta kalkulua gaizki egiten baldin bada ekarpena ere oker dago, De Andresen hitzetan.
Gatzagaetxebarria sailburua oso haserre azaldu da. De Andresen adierazpenak "desegokiak" direla esan du Gatzagaetxebarriak. Eustaten lan egiten duten pertsona guztien "izen ona eta sinesgarritasuna" defendatu ditu.