Euskadi Irratia -
Egoera larria
Fagor Etxetresnak enpresak 'konponbidea' izatea espero du Confebaskek
Kontseilu Sozialean gaur bazkideei informatu behar zitzaien erabakiaren inguruan, baina ez da egin, eta bazkideek oraindik ez dakite zein izan den erabakia. Kontseilu Soziala asteazkenera atzeratu da.
Erredakzioa
Fagor Etxetresnak enpresak bizi duen egoerak "konponbidea" izatea espero duela adierazi du Nuria Lopez de Gereñu Confebaskeko idazkari nagusiak. Izan ere, Gereñuk adierazi duenez, "enpresa gure herriko marka da".
Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, Lopez de Gereñuk onartu egin du Confebasken "kezka" sortzen duela Fagor Etxetresnaken egoerak, "enpresa garrantzitsua delako".
"Fagor marka gure herriko marka dela esan daiteke, kanpoan asko saldu du eta horrek indar handia izan du. Konponbidea aurkitzea espero dut, hainbeste pertsonaren ahalegina eta lana ezerezean gera ez dadin", esan du Gereñuk.
Kontseilu Soziala atzeratu dute
Kontseilu Sozialean gaur bazkideei informatu behar zitzaien atzoko Mondragon Korporazioko bilerako erabakiaren inguruan.
Azkenean gaur ez da Kontseilu Soziala egin, eta ondorioz, bazkideek oraindik ez dakite zein izan den erabakia. Kontseilu Soziala asteazkenera atzeratu da.