Ekonomia -

Botiken koordainketa

Ospitaleetako farmazietako koordainketa baztertu du Legebiltzarrak

EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta UPyD alderdien ustez, Gobernuaren neurria "ez da eraginkorra" eta "bidegabea" da. PPk, aldiz, babestu egin du erabakia.

Legebiltzarrak neurria "ez eraginkorra" eta "bidegabea" dela kritikatu du. Argazkia: Efe.
Legebiltzarrak neurria "ez eraginkorra" eta "bidegabea" dela kritikatu du. Argazkia: Efe.
Legebiltzarrak neurria "ez eraginkorra" eta "bidegabea" dela kritikatu du. Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ospitaleetako farmazietako botiken koordainketa indargabetzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Gobernu zentralari. Alderdi guztien babesa jaso du eskaerak, PPrena salbu. EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta UPyD alderdien ustez, neurria "ez da eraginkorra" eta "bidegabea" da.

Espainiako Gobernuaren neurriaren kontra errekurtsoa jarriko duela iragarri du Jaurlaritzak. Neurri horrek ospitaleetako farmazietako botiken % 10 (gehienez ere, 4,20 euro) ordaintzera behartzen ditu ospitaleratu ez dituzten gaixoak.

Eskaera hori onartzen ez bada, sistema berriaren kalteak nabaritzen dituzten pertsonak konpentsatu egingo dituela azaldu du Jaurlaritzak. Halaber, ohiko farmazietan saltzen diren botikak koordaindu beharrak sektore batzuei eragin dien kaltea murrizteko, laguntzak eskainiko dituela gaineratu du.

Eusko Legebiltzarrak onartu duen proposamenak hainbat puntu ditu, eta puntu horiek banan-banan bozkatu dira. Lehenengo atalean, osasun zerbitzuaren koordainketaren ingurukoan, Gobernu zentralak hartu dituen neurriak "erabat baztertzea" jaso dute. "Osasuna babesteko eskubideari kalte egiten dioten neurri ez eraginkor eta bidegabeen aldebakarreko inposaketa" ere kritikatu dute, lehen atalean.

Gainera, ospitaleratu gabe dauden gaixoen kasuan, ospitaleetako farmazietan gaixotasun larri edo kronikoentzako botiken prezioaren % 10 ordaintzera behartzen dituen neurria gaitzetsi du Ganberak. Hori dela eta, neurri hori ezartzen duen erabakia indargabetzea eskatu dio Gobernu zentralari.

Eskumenen babesa

Aurreko atalek alderdi guztien babesa jaso dute, PPrena salbu. Testuaren beste zati batean, "dauden baliabide politiko eta juridiko guztiak erabiliz, osasunaren inguruko eskumenak babesten" jarraitzeko eskatu diote Jaurlaritzari, euskal biztanleriari "osasun sistema publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa" bermatzeko. Atal horrek jeltzaleen eta sozialisten babesa jaso du. PPk aurkako botoa eman du, eta EH Bildu eta UpyD abstenitu egin dira.

Gobernu zentralaren neurriak abian jartzen badira, pertsona guztiek botikak lortuko dituztela bermatzeko eskatu dio Legebiltzarrak Iñigo Urkulluren gobernuari.

Gainera, Espainiako Gobernuaren erabakiak EAEn duen eraginari buruz informazioa emateko eta gaixoek botikak lortu ahal izateko hartuko diren neurriak iragartzeko, Jaurlaritzako ordezkari bat Parlamentuaren aurrean agertzea nahi du Legebiltzarrak. Proposamen hori EAJ, PSE-EE eta UPyDren aldeko botoekin onartu dute. PPk aurkako botoa eman du, eta EH Bildu abstenitu egin da.

Gobernu zentralari, Gorte Orokorrei, Batzar Nagusiei eta Eudel-Euskadiko Udalen Elkarteari igorriko diete Legebiltzarraren ekimena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra argazkiak Espainiako Gobernua Alderdi politikoak berriak Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Farmazien albisteak