Ekonomia -
Akordioa
101 aerosorgailurekin hornituko du Gamesak Iberdrola Estatu Batuetan
Baffineko parke eolikoa, Texasen, Iberdrolaren Peñascal konplexu eolikoaren barnean dago.
Iberdrola Texas hegoaldeko Baffin parke eolikoa 101 aerosorgailurekin hornitzeko kontratua sinatu du gaur Gamesak Ameriketako Estatu Batuetan.
Ipar Amerikako Gamesaren presidente David Flittermanek eta Estatu Batuetako Iberdrola Berriztagarriak ataleko zuzendari Martin Mugicak sinatu dute hitzarmena gaur Washingtonen. Bertan izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua.
Kontratuaren arabera, Gamesak G97-2.0 MW motako 101 aerosorgailurekin hornituko du Iberdrolak Texas hegoaldean bultzatzen duen Baffin parke eolikoa. Turbinak 2014 erdialderako entregatzea espero dute, eta urte horren amaierarako martxan izango da parke eolikoa. Akordio horrek inoiz egin den horrelako hornidurarik handiena dakar.
Baffineko proiektua garapen bidean da, eta Iberdrola bertako agintarien baimenaren zain dago inbertitzen jarraitu edo ez erabakitzeko. Baimenik jaso ezean, aerosorgailuak beste leku batean erabiliko lituzke.
Proiektu hori Iberdrolaren Peñascal konplexu eolikoaren barnean dago. Baffin martxan jartzen denean, 606 MW ekoizteko ahalmena izango du. Honela, 210.000 familiarentzako energia ekoitziko du, baita urtero 850.000 tona karbono dioxido isurtzea eragotzi ere.
Gamesaren aerosorgailuek lehenago ere hornitu dute Iberdrola Estatu Batuetan. Guztira, Gamesak Iberdrolarentzat 9.000 MW instalatu ditu mundu osoan.