Ekonomia -

Zerga-ituna

Ituna adosteko 'bidean atzera egitea' arbuiatu du EH Bilduk

EAJren eta PSEren arteko ituna "nahikoa ez" dela eta "norabide okerra" duela kritikatu dute Marian Beitialarrangoitia eta Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkideek.

EH Bildu ere itunera batzea nahi dute jeltzaleek eta sozialistek. Argazkia: EiTB
EH Bildu ere itunera batzea nahi dute jeltzaleek eta sozialistek. Argazkia: EiTB
EAJ eta PSE EH Bildurekin bilduko dira itun fiskala aztertzeko

1:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta PSEk zerga-itunean defendatzen dituzten planteamenduekin "bat egiteko" Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako "bidean atzera egitea" errefusatu du gaur EH Bilduk.

11:00etan hasi da EAJk eta PSEk EH Bilduko ordezkariekin gaur Eusko Legebiltzarrean egin den batzarra. Koalizio abertzalea jeltzaleek eta sozialistek lortu duten zerga-itunera biltzeko asmoa izan du bilerak.

Honakoek hartu dute parte bileran: Joseba Aurrekoetxea eta Pilar Garcia Salazar (EAJ); Jose Antonio Pastor eta Iñaki Arriola (PSE); eta Dani Maeztu, Leire Pinedo, Oskar Matute eta Marian Beitialarrangoitia (EH Bildu)

Batzarra ordu erdiko atzerapenez hasi da. Izan ere, Rodolfo Ares sozialistak izan behar zuen hitzorduan, baina aita hil zaio eta Jose Antonio Pastor joan da haren partez.

Bilerak ordubete eskaseko iraupena izan du. EAJren eta PSEren arteko ituna "nahikoa ez" dela eta "norabide okerra" duela kritikatu dute Marian Beitialarrangoitia eta Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkideek.

EH Bilduk eta PSEk Gipuzkoan adostutako zerga-ituna "beheratzea" ez dute onartuko, ezta "pausoak atzera" egitea ere, Matutek ohartarazi duenez. Horren hitzetan, Bizkaiak eta Arabak Gipuzkoako Ogasunaren "bideari jarraitu" behar diote.

"Krisiaren aurretik geneukan babes soziala berreskuratzea planteatzen ez duen erreforma fiskal bat ez da erreforma fiskal eraginkorra", azaldu du Matutek. EAJ-PSE itunak "azterketa ustelak ontzat ematen ditu" eta "azpiegitura handien aldeko apustua" mantentzen du, EH Bilduko ordezkariaren esanetan.

EAJ eta PSE: ‘Ituna zabalik dago, ekarpen gehiago jasotzeko’

Bestalde, ituna “zabalik” dagoela adierazi dute EAJk eta PSEk, “akordioa hobetu dezaketen ekarpenak jaso ahal izateko”. Hala ere, ekarpen horiek “itunaren oinarriekin” bat etorri behar direla zehaztu dute jeltzaleek eta sozialistek.

Ohar batean, EH Bilduk itunari “eragozpenak” aurkeztu dizkiola nabarmendu du. Horregatik, koalizio abertzaleari “proposamen zehatzak” egiteko eskaera egin diote.

Alderdi biek azpimarratu dutenez, akordioa “ahalik eta zabalena” izatea nahi dute, “alderdien gainetik dauden helburuak eta erreformak aurreikusten dituelako”.

EH Bilduk “ekarpenak” egin ditzakeela onartu dute EAJk eta PSEk, Legebiltzarrean bigarren indarra baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika PNV-EAJ EAE Ekonomia berriak EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Zerga politika