Ekonomia -
Alderdien arteko bilera
EAJ, PSE eta Bildu astelehenean bilduko dira zerga-ituna negoziatzeko
Koalizioak ere itunarekin bat egitea nahi dute jeltzaleek eta sozialistek.
Erredakzioa
EAJ, PSE-EE eta EH Bildu alderdiek bilera egingo dute astelehenean Eusko Legebiltzarrean, jeltzaleek eta sozialistek lortu duten zerga-itunaz hitz egiteko.
PPrekin elkartu ziren EAJko eta PSE-EEko ordezkari berberak izango dira segur aski asteleheneko bileran: Rodolfo Ares eta Iñaki Arriola (PSE-EE) eta Pili Garcia Salazar eta Joseba Aurrekoetxea (EAJ).
Akordioaren berri emango diete EH Bilduko ordezkariei, eta bereziki zerga alorrean jarriko dute arreta; izan ere, arlo horretan koalizioarekin akordioa lortzea posible ikusten dute, Bilduk Gipuzkoan PSE-EErekin akordioa sinatu duela ikusita.
Ostegunean Politika Orokorreko osoko bilkura egingo dute Eusko Legebiltzarrean, eta Gasteizko ganberako pasilloetan modu informalean popularrekin hitz egiten jarraituko dute, horiek ere itunera batzea lortzeko. PPrekin berriro biltzeko datarik, baina, ez dute jarri.
Jeltzaleek eta sozialistek azaldu dutenez, zerga politika onartzeko osoko bilkura irailaren 26an izatea aurreikusten badute ere, litekeena da negoziazioak hortik aurrera ere luzatzea: "26rako dena prest izaten ahaleginduko gara, baina gero ere denbora izango dugu, ituna Batzar Nagusiek berretsi behar dute eta".
Batzar Nagusiek abenduan onartuko dituzte aldaketa fiskalak. Irailaren 26tik aurrera denbora izango bada ere, horrek ez du esan nahi negoziazioak abendura arte luzatuko direnik, EAJko eta PSE-EEko ordezkarien arabera.